Mundua -

Polemika

Netanyahuk arabiarrei egotzi die Holokaustoa sustatu izana

"Hitelerrek ez zituen juduak hil nahi garai horretan", adierazi du Israelgo lehen ministroak.

Netanyahu
Netanyahu
Holokaustoa Jerusalemgo Muftiaren ideia izan zela dio Netanyahuk

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak polemika handia sortu du, palestinarrei egotzi baitie Holokaustoa eragin izana. Izan ere, horren esanetan, buruzagi palestinar erlijioso batek, Haj Amin al Husseinik, iradoki zion Adolf Hitlerri juduak hiltzea.

"Hitlerrek ez zituen juduak hil nahi garai horretan, kanporatu egin nahi zituen, baina Haj Amin al Husseini Hitler ikustera joan zen, eta esan zion kanporatzen badituzu, denak hona [Palestinara] etorriko dira", adierazi du Netanyahuk, Nazioarteko Biltzar Sionistan, Jerusalemen, egindako agerraldian.

Netanyahuren esanetan, horren ostean, Hitlerrek zera galdetu zion buruzagi palestinarrari: "orduan, zer egin behar dut haiekin?". "Erre", erantzun zuen horrek, agintari israeldarraren bertsioaren arabera.

Lehen ministroaren adierazpenek hautsak harrotu dituzte Israelen, batik bat sare sozialetan, 2012an antzeko hitz batzuk esan bazituen ere. Une hartan, Al Husseini "Holokaustoaren arkitektoetako bat" izan zela adierazi zuen.

Al Husseini Holokaustoaren sustatzaileetako bat izan zela zenbait historialarik iradoki dute, baina aditu gehienek errefusatu egiten dute Historiaren bertsio hori.

Polemika piztu dela ikusi eta gero, Netanyahuk azalpenak eman nahi izan ditu: "Zentzugabea da. Ez dut Hitler absolbitu nahi izan, bera baita Holokaustoaren erantzulea. Berak hartu zuen erabakia". Hala ere, eutsi egin die akusazioei, eta aipatutako buruzagi palestinarrak Hitlerri judu guztiak hiltzea iradoki ziola mantendu du.

Alemaniako Gobernuak ere esku hartu du polemikan, eta baztertu egin du Netanyahuren istorioa: "Holokaustoaren ardura Alemaniarena da; ez dago Historia aldatzeko arrazoirik".

Azken asteetan palestinarren eta israeldarren arteko indarkeriak gora egin duen honetan etorri dira Netanyahuren adierazpen polemikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Benjamin Netanyahu