Mundua -

Parisko atentatuak

Saint-Denisen desegindako komandoa atentatua egiteko prest zegoen

Parisko atentatuen ustezko burua ez dago polizia-operazioan atxilotutakoen artean.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Saint Deniseko atxilotuak eraso bat prestatzen ari zirela dio fiskalak

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako segurtasun-indarrek operazioa egin dute Saint-Denisen, Paris kanpoaldean, eta tiroketa izan da goizaldean. Ordu pare bat inguru iraun du.

Abdelhamid Abaaoud ostiraleko erasoen ustezko egile intelektuala atxilotzeko asmoz abiatu dute operazioa, baina ez dute lortu hura atzematea.

Bost polizia zauritu dira eta emakume batek bere buruaz beste egin du Poliziaren eta ustezko terroristen arteko tiroketetan, Parisko Fiskaltzak baieztatu duenez. Gainera, zortzi pertsona atxilotu dituzte.

Abaaoud etxebizitzan zegoela uste zuten, eta horregatik egin dute operazioa, Francois Molins Parisko fiskalak agerraldi labur batean esan duenez. Hala ere, atentatuen ustezko egile intelektualaren presentzia baieztatzerik ez dagoela zehaztu du. Oraingoz atxilotuen nortasunaren berri ematea ?ezinezkoa? dela gaineratu du.

Fiskalaren esanetan, emakume batek bere buruaz beste egin du, eta segurtasun indarrek pertsona bat hil dute etxe barruan. Bi pertsona bertan atxilotu dituzte, ?hondakinen artean ezkutatzen saiatzen ari zirenean?. Atxilotuen artean, ustezko terroristei ?ostatu eman dien gizona? eta beste emakume bat daude.

Bernard Cazeneuve Barne ministroak zoriondu egin ditu operazioan parte hartu duten poliziak. Horren esanetan, ?orain arte aurkitu ez dituzten baldintzetan tiro egin diete eta ausart jokatu dute?. Saint-Denisko herritarren ?lasaitasuna? goraipatu du ministroak.

Fiskaltzak baieztatu duenez, emakumeak soinean zeraman gerriko bat zartarazi du, eta operazioaren helburua zen etxebizitzan zegoela zehaztu du Fiskaltzak agiri baten bidez. ?Lehergaiz osatutako gerrikoa zartarazi du Poliziak erasoa hasi duenean?, azaldu du ikerketaren arduradunak.

Stephane de Foll Frantziako Gobernuaren bozeramaileak amaitutzat jo du operazioa. De Follen hitzetan, Saint-Denisko operazioa ?erabakigarria izan da, eta larrialdi-egoerari esker gauez egin ahal izan dute?.

Bere burua eztandarazi duen emakumezkoa Parisko atentatuen buruaren lehengusina zen, 26 urte zituen eta frantziarra zen, BFM telebista-katearen arabera.

Antza denez, bere burua eztandarazi baino lehen, dei bat egin du telefonoz. Horrenbestez, norbait ohartarazi duela uste dute ikertzaileek.

Atxilotuak eraso bat prestatzen ari ziren

Atxilotuak Parisko La Defense auzoaren aurkako atentatu bat prestatzen ari ziren, ikerketaren arduradun batek Reuters albiste-agentziari jakitera eman dionez. Parisko finantzen bihotza da auzo hori.

?Beste eraso bat prestatzen ari ziren terroristak bilatzen ari ziren segurtasun indarrak, SDATeko (Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetza) eta nazioarteko informazioaren arabera?, esan du iturriak. ?Talde hori La Defenseren aurkako eraso bat prestatzen ari zen?, nabarmendu du.

Sarekada Saint Denisen efe

Abdelhamid Abaaoud harrapatzeko operazioa, Saint-Denisen. Argazkia: EFE

Goizaldean

Tiroak eta leherketak 03:30 aldera hasi dira, eta orduak iraun du, lekukoen hitzetan. Ostiralean, Parisen egindako atentatuekin zerikusia du operazioak.

Tiroketa 06:00ak aldera bukatu da, baina helikopteroek inguruetan hegan jarraitu dute.

Sarekada Saint-Denis erdialdean egin dute, Paris kanpoaldean. Frantziako Estadioa futbol-zelaia bertan dago, eta ostiralean hiru terroristek erasoa egin zuten bertan, Frantzia eta Alemaniako selekzioak lagunarteko norgehiagoka jokatzen ari ziren bitartean. Euren buruaz beste egin zuten horren inguruetan.

Tiroketak Jean Jaures plazaren alboan gertatu dira, hiriko basilika historikotik oso gertu. Frantziako errege batzuk bertan ehortzita daude.

Didier Paillard Saint-Denisko alkateak etxetik ez ateratzeko eskatu die hiriaren erdialdean bizi diren herritarrei.

Lekuko baten esanetan, lehenengo tiro bakarra entzun dute, eta berehala hasi da tiroketa. Leherketak ere entzun dira.

Salah Abdeslam ustez ihes egiteko erabiltzen ari den Citroen Xsara baten berri eman du Frantziak

Bestalde, Salah Abdeslam ustez ihes egiteko erabiltzen ari den Citroen Xsara baten berri eman dute Frantziako buruzagiek. Europako polizia guztiei abisua eman diete mugetan kontuan izateko.

Ismail Mostefai eta Sami Amimour suiziden senitartekoak aske utzi dituzte, galdekatu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia argazkiak Atentatuak Jihadismoa albisteak Albisteak