Mundua -

Hauteskundeak Frantzian

Fronte Nazionalak ez du eskualdeko aginterik eskuratzeko jauzia egin

Marine Le Penek porrota argi onartzea saihestu du. Haatik, herrialde osoan lortu dituen bozen ia % 30ekin, 2017ko presidente izateko hauteskundeei begira egoera onean dagoela baieztatu du.

Marine Le Pen. Argazkia: EFE
Marine Le Pen. Argazkia: EFE
Eskuin muturraren garaipena saihestu da

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako muturreko eskuinak ez du eskualdeko gobernurik bereganatzerik lortu tokiko hauteskundeetako bigarren itzulian, nahiz eta lehendabizikoan izandako boto kopurua areagotu duen eta hamahiru eskualdeetako seitan alderdirik bozkatuena izan zen.

Nicolas Sarkozy presidente ohiaren alderdi kontserbadoreak zazpi eskualdetan gobernatuko du, eta François Hollande egungo estatuburuaren sozialistek, berriz, sei eskualdetan agintea izateari eutsiko dio (eskualde batean ez beste guztietan agintzen zuten orain arte).

Marine Le Penek porrota argi onartzea saihestu du. Haatik, herrialde osoan lortu dituen bozen ia % 30ekin, 2017ko presidente izateko hauteskundeei begira egoera onean dagoela baieztatu du.

Herritarren artean egondako mobilizazioak (parte-hartzea % 60tik gertu egon da) irauli egin ditu joan zen astean izandako emaitzak. Horrenbestez, saihestu egin dute ultraeskuindarrek historikoki duten muga gainditzea; hots, bigarren itzuli batean botoen % 50 baino gehiago lortzea.

Manuel Valls lehen ministroak berak ohartarazi duenez, ez da "lasaitasun" edo "triunfalismo" garaia, eskuineko muturraren arriskua "ez baita ezabatu", lehen itzuliak eta aurreko hauteskundeek erakusten dutenez.

Alderdi Sozialistak Nord-Pas-de-Calais Pikardia eta Provence-Alpes-Côte-d’Azur eskualdeetan atzera egin zuen, ezkerreko botoak batuta ezin baitzuten irabazi. Hori horrela, sei eskualdetan garaipena lortzeak hobetu egiten ditu alderdiak zituen aurreikuspenak. Hala ere, 2012an agintera iritsi zenetik etengabe ari da porrotak pilatzen.

Sozialistek orain arte eskualde guztiak kontrolatzen zituen, bat izan ezik. Bere esku daude oraindik Bretainia, Akitania Limousin Poitou-Charentes, Languedoc-Roussillon Midi-Pyrénées, Borgoina Franche-Comté eta Centre-Val de Loire.

Nikolas Sarkozy presidente izandakoaren errepublikanoek, bere aldetik, Nord-Pas-de-Calais Pikardia, Provence-Alpes-Côte-d’Azur, Alsazia Champagne-Ardenne Lorrena, Auvernia Rhône-Alpeak eta Pays de la Loire, Normandia eta Ile-de-France (Frantziako eskualde populatuena eta aberatsena) eskuratu dituzte.

"Gaur egon den mobilizazioak ez digu agintari politikoei ahantzarazi behar lehenengo itzulian egon zen abisua", onartu du estatuburu ohiak bere jarraitzaileen aurrean, eta "batasuna" eskatu die, "hurrengo hauteskundeetan batera aurrera egiteko".

2017. urtea, presidenterako hauteskundeen urtea, ordezkari politiko guztien mintzaldietan agertu da, azken hauteskundeetan izandako emaitzak bi urte barru errepikatu daitezkeela uste baitute.

Bestalde, Frantziako Gobernuko iturriek ezeztatu egin dute azken egunetan François Hollande presidenteak Gobernua aldatzeko asmorik izan duenik,  edozein izanik ere eskualdeko hauteskundeetako emaitza; aitzitik, M6 telebista-kateko inkesta batek jakitera eman duenez, frantziarren % 48 jada lehen ministroa aldatzearen alde agertu dira.

Garaipen abertzalea Korsikan

Bestalde, korsikar abertzaleek lehen aldiz hauteskundeak irabazi dituzte uhartean. Lehen itzulian sozialistak gailendu ziren, baina bigarren itzulirako independentistek eta autonomistek bat egin zuten.

Korsikako Biltzarreko 24 aulki izango dituzte abertzaleek; sozialistek baino hamabi gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Munduko albisteak 2024 Frantzia albisteak Eguneko albisteak Hauteskundeak gaur Ultraeskuineko alderdi politikoak