Mundua -

NBE-ren salaketa

2.795 zibil hil dituzte Yemenen, azken bederatzi hilabeteetan

Saudi Arabiak zuzendutako koalizioaren indar armatuek zatikatze-bonbak erabili dituztela uste du NBEk. Zentzu horretan, “informazio kezkagarriak” jaso dituztela esan du Goi Komisarioak.

Sanako (Yemen) auzo bat bonbardaketa baten ostean. Argazkia: EFE
Sanako (Yemen) auzo bat bonbardaketa baten ostean. Argazkia: EFE
Sanako (Yemen) auzo bat bonbardaketa baten ostean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBEko Giza Eskubideentzako Goi Komisarioak gaur salatu duenez, azken bederatzi hilabeteetan 2.795 zibil hil eta 5.324 zauritu dituzte Yemenen.

Abenduan soilik, 81 zibil hil eta beste 109 zauritu zituzten, NBEk jakitera eman duenez. 2015eko martxoaren 26tik abenduaren 31ra bitartean bildutako datuak azaldu ditu erakundeak.

Saudi Arabiak zuzendutako koalizioaren indar armatuek zatikatze-bonbak erabili dituztela uste du NBEk. Zentzu horretan, “informazio kezkagarriak” jaso dituztela esan du Goi Komisarioak.

Zatikatze-bonben hondakinak aurkitu zituzten Goi Komisarioaren funtzionarioek banana-sail batean, Hajjah probintzian. Gainera, lehertu gabeko bonbak zapaldu zituzten bi pertsonarekin hitz egiteko aukera izan zuten.

Zentzu horretan, lehergailuen argazkiak dituztela azaldu du Rupert Colville Goi Komisarioaren bozeramaileak, baina lehergailuak noiz jaurti zituzten zehazterik ez dutela erantsi du. Hala ere, uztailean bota zituztela adierazi dute lekuko batzuek.

Bake prozesua

Ismail Ould Cheikh Ahmed, NBEko ordezkaria Yemenen, aste honetan eskualdera joango da, bake prozesua bultzatzen saiatzeko.

Sei eguneko bake negoziazioak egin zituzten Suitzan, baina su-etenik gabe amaitu ziren abenduaren 20an. Hala ere, urtarrilaren erdialdera elkarrizketak berriro hasteko konpromisoa hartu zuten aldeek.

Hurrengo bilera-sorta urtarrilaren 14an egitea espero da; lekurik ez dute oraindik zehaztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak