Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Turkiak milaka errefuxiatu itzularazi ditu Siriara, AIk salatu duenez

Amnistia Internazionala erakundearen ikerketa baten arabera, Turkiak urtarriletik 'ia egunero' ehun bat pertsonaz (gizonak, emakumeak eta haurrak barne) osatutako taldeak kanporatu ditu Siriarantz.

Errefuxiatuak Grezian
Errefuxiatuak Grezian
Errefuxiatuak Grezian

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amnistia Internazionala (AI) erakundeak gaur ohartarazi duenez, Turkiak milaka errefuxiatu Siriara bueltatzera behartu ditu azken sei hilabeteetan. Horrez gain, Ankara gauzatzen ari den legez kontrako jardunbide horien aurrean "ez ikusiarena egiten" ari dela leporatu dio Europar Batasunari.

Amnistia Internazionala erakundearen ikerketa baten arabera, Turkiak urtarriletik ‘ia egunero’ ehun bat pertsonaz (gizonak, emakumeak eta haurrak barne) osatutako taldeak kanporatu ditu Siriarantz.

"Mugak ixteko desesperazioan, Europar Batasuneko agintariak apropos entzungor aritu dira egitaterik eta sinpleenaren aurrean, hau da, Turkia ez dela herrialde seguru bat siriar errefuxiatuentzat". Hala adierazi du John Dalhuisen Europarako eta Erdialdeko Asiarako erakundearen zuzendariak, Londreseko egoitzatik bidali duten ohar baten bidez.

Amnistia Internazionalak bildu dituen hainbat testigantzak erakusten dutenez, Turkiako Hatay probintziatik Siriara errefuxiatuk itzultzeko "eskala handiko" operazioa egiten ari dira, eta plan hori "gauza jakina da" eskualde horretan, erakunde humanitarioak esaten duenaren arabera.

Turkiako adostutako akordioa, astelehenetik aurrera martxan

Europako Batzordeak berriro azpimarratu du astelehen jarriko duela abian Ankarrarekin hitzartutako ituna. Itun horretan jasotzen denez, Turkiara itzuliko dira Greziara itzultzen diren errefuxiatuak.

Turkiatik siriar errefuxiatuak beren jatorriko herrialdera egiten ari diren itzulketen aurrean, Amnistia Internazionalak uste du Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko hitzarmenak "hutsune larriak" ditu.

"Siriar errefuxiatuenganako babesa hobetzeko asmoz Turkiari presio egin ordez, Europar Batasuna kontrako ari da bultzatzen. Oso litekeena da azken 9 asteetan Turkiak milaka errefuxiatu itzuli izana Siriara", adierazi du.

Ituna martxan jartzen bada, "arrisku handia dago Europar Batasunak Turkiara bidaliko dituen pertsonak egoera bera jasatea", azaldu du AIko arduradunak.

Erakundeak dokumentatu dituen kasuen artean, hiru adingabe Siriara guraso gabe itzularazi izana azpimarratu du Dalhuisenek, baita zortzi hileko zegoen emakume haurdun baten kasua ere.

Amnistia Internazionalak oraintsuko beste ikerketa batean jaso zuen Turkiak txikitu egin duela Siriarekin muga egiten duten probintzietan errefuxiatu gisa erregistratzen dituen pertsonen kopurua.

Erakundeak salatu duenez, zenbait kasutan uko egin zaio Siriatik etorritako pertsonak erregistratzeari, eta, ondorioz, ezin izan dute oinarrizko mediku tratamendurik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 EB Gerra Siria Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Turkia berriak Zer ari da gertatzen Sirian?