Mundua -

Atentatua

Gutxienez 35 hildako Somaliako hiriburuan, hotel baten aurkako erasoan

Al Shabaab talde islamiarrak Somaliako hiriburuan (Muqdisho) dagoen Nasa-Hablod hotela eraso du gaur. Erasoaren ondorioz, 35 pertsona hil eta beste 30 zauritu dira.

Segurtasun-indarretako kide bat terroristen aurka tiro egiten. EFE
Segurtasun-indarretako kide bat terroristen aurka tiro egiten. EFE
Segurtasun-indarretako kide bat terroristen aurka tiro egiten. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 35 pertsona hil dira eta beste 30 inguruk zauriak izan dituzte Al Shabaab talde islamiarrak Somaliako hiriburuan (Muqdisho) dagoen Nasa-Hablod hotela eraso ostean. Erasotzaileak hotelean gotortu dira lau ordu baino gehiagoz, eta hainbat pertsona hartu dituzte bahituta.

Poliziak baieztatu duenez, lehendabizi bonba-auto bat leherrarazi dute hoteletik gertu, eta gero armak zituzten gizonezko batzuk bertan sartu eta zenbait pertsona bahitu dituzte (horien artean Gobernuko kide bat egon zitekeela uste dute), segurtasun-indarrekin tiroak trukatzen zituzten bitartean.

"Atentatu suizida batekin hasi dute erasoa, eta gerora hotelean sartu dira. Barruan daude eta une honetan tiroak trukatzen ari dira", Nur Farah polizia bozeramaileak adierazi duenaren arabera.

Azkenik, agenteek terroristak hil dituzte (guztira lau, tokiko hedabideen arabera), eta hoteleko kontrola bereganatu dute.

Beste polizia batek jakinarazi duenaren arabera, orain arte 35 hilotz bildu dituzte, baina kopurua areagotu egin daiteke zaurituen kopuru handia dela-eta. Hildakoen artean zibilak eta segurtasun-guardiak daude. "Atzeko sarreratik jende asko atera ahal izan dugu. Inor ezin da aurreko atetatik sartu, frankotiratzaileak baitaude".

Nahiz eta hildakoen nortasuna oraindik ez den ezagutzen, Poliziak uste du Gobernuko kideren bat tartan egon daitekeela, Nasa-Hablod hotelean sarri egon ohi badira politikariak.

Erasoa dagoeneko bere gain hartu du Al Shabaab taldeak. "Gobernu apostatako kideek erabili ohi duten hotela eraso dugu", azaldu dio Al Shabaabeko bozeramaile batek (Abdiasis Abu Musab jekeak) Reuters agentziari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Nazioartea Atentatuak bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Turismo-baserriak gaur