Mundua -

Bidaia ofiziala

Obama Espainian, egun bateko bisitaldia egiteko

14:00etatik aurrera, AEBko presidentea Mariano Rajoyrekin, Pedro Sanchezekin, Pablo Iglesiasekin eta Albert Riverarekin bilduko da.

Barack Obama eta Espainiako Felipe Vi.a erregea. EFE
Barack Obama eta Espainiako Felipe Vi.a erregea. EFE
Barack Obama eta Espainiako Felipe Vi.a erregea. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidentea gaur gauean lurreratu da Torrejon de Ardozeko basean (Madril). Bertan, Espainiako Felipe VI.a erregea izan du zain. Obamak Espainiar egiten duen lehendabiziko bisita ofiziala da, eta uste baino laburragoa izango da Dallasen izandako polizien hilketak direla-eta.

Obamaren Air Force One hegazkina gaueko hamaikak pasata heldu da Varsoviatik (Polonia), NATOko goi-bileran parte hartu eta gero.

Bisitaldi laburra

AEBko presidenteak aldaketak egin ditu Espainiara egitekoa zuen bidaia ofizialaren agendan; izan ere, hiru egun pasatzeko asmoa bazuen ere, larunbat gauean iritsiko eta igandean itzuliko da AEBra. Beraz, apenas 24 ordu egingo ditu Espainian.

Atzo Dallasen izandako tiroketa batean bost polizia hil ondoren egin ditu aldaketok Barack Obamak, lehenbailehen itzuli nahi baitu AEBra.

Hasiera batean Varsoviatik Sevillara joatekoa bazen ere, Poloniatik Madrilera joan da zuzenean eta igandean Mariano Rajoy jarduneko Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartuko da Moncloa jauregian.

Felipe VI.a erregearekin zuen hitzorduari eutsiko dio presidente estatubatuarrak, baina Etxe Zuriaren esanetan, ez du astelehen eguerdian Errege Jauregian egitekoa zen bazkarian parte hartuko. Halaber, bertan behera gelditu da ekintzaile gazteekin egitekoa zen ekitaldia ere.

Obamaren agenda ofizial berria baieztatu ez badute ere, Espainiako oposizioko alderdi nagusiek iragarri dute igande arratsaldean Torrejongo base militarrean hartuko dituela agintari estatubatuarrak; hain zuzen ere, Rotara abiatu aurretik.

Iturri sozialisten arabera, Obama bihar 15:30ean elkartuko da Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiarekin. Aldi berean, Ciudadanosetik baieztatu dutenez, Albert Rivera alderdiko idazkari nagusiak 15:00etarako du hitzordua.

Elkarrekin Ahal Dugu alderdiak ez du baieztatu Pablo Iglesias zerrendaburuak hitzordurik jaso duen ala ez, baina litekeena da, hasierako agendan aurreikusi bezala, Barack Obama Pablo Iglesiasekin batzartzea.

Madrilera egindako bisita laburraren ondotik, Barack Obama Torrejondik Kadizeko Rota base militarrera joango da igandean soldadu estatubatuarrei bisita egiteko eta handik AEBra itzuliko da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy Espainiako Felipe VI.a albisteak Barack Obama bideoak Espainiako Gobernua bideoak Espainia Gaurko azken orduko albistea