Mundua -

70 urte erregetzan

Thailandiako erregea hil da, tronuan denbora gehien eman duen monarka

Bangkok hiriko ospitale batean urtebete baino gehiago eman ostean hil da Bhumibol Adulyadej. Prayut Chan-ocha lehen ministroak urte bateko dolua ezarri du herrialdean.

Bhumibol Adulyadej, Thailandiako erregea. Argazkia: EFE
Bhumibol Adulyadej, Thailandiako erregea. Argazkia: EFE
Bhumibol Adulyadej, Thailandiako erregea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bhumibol Adulyadej Thailandiako erregea ostegun honetan, urriak 13, hil da, 88 urte zituela, Bangkok hiriko ospitale batean. Siriraj Ospitalean hil da, urtebete baino gehiago eman ostean, Thailandiako Errege Etxeak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Munduko monarken artean denbora gehien eman duena izan da Bhumibol. Zehazki, 70 urte eman ditu tronuan, baina larunbatean ebakuntza egin zioten eta, horrek, tentsio beherakada handia eragin zion. “Medikuek ahal izan duten guztia egin dute, baina bere osasun egoerak okerrera egin zuen”, azaldu du Thailandiako Errege Etxeak.

Halaber, Prayut Chan-ocha lehen ministroak urte bateko dolua ezarri du herrialdean eta, epe horretan, funtzionario guztiek beltzez jantzi beharko dira. Gainera, Thailandiako eraikin ofizialek banderak jaitsiko dituzte hilabetez.

“Thailandiarrek gaurko eguna gogoratuko dute beti”, esan du lehen ministroak Bhumibol Adulyadej erregea hil dela jakin ostean.

Herrialde horretan errespetu handia diote monarkiari, eta errege familia iraintzen duenari hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela-zigorra ezarri ahal diote.

Bhumibol 1946an izendatu zuten Thailandiako errege, eta bera da thailandiar gehienek ezagutu duten errege bakarra. Arrazoi horregatik, batasunaren sinboloa da herrialdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken orduko albistea Asia azken ordukoa Zer gertatu da Thailandian?