Mundua -

Astindua

14.000 pertsona etxetik kanpo Italian, igandeko lurrikara dela eta

Azken orduetan hainbat erreplika egon dira Norcia inguruan.

Etxetik aterarazi duten emakume bat Norciako kiroldegi batean. EFE
Lurrikara Italian. EFE
Suntsipena, Italia erdialdean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

14.000 pertsona baino gehiagok hotel eta babeslekuetan eman dute gaua, eta 15.000k laguntza jaso dute, igandean Italia erdialdea astindu zuen lurrikara dela eta.

Italiako Babes Zibileko Departamentuak jakinarazi duenez, Trasimeno inguruan 500 pertsona atera dituzte etxetik, eta 4.000 bat, Adriatikoko kostaldean. Umbrian eta Marchen, 3.000 eta 7.000 pertsona dituzte aterpeetan, hurrenez hurren.

Horrez gain, Aquila eskualdean (batez ere San Benedetto del Tronto herrian) 1.100 pertsonek jarraitzen dute hoteletan abuztuaren 24an izandako lurrikararen ondorioz.

Igandetik astelehenera doan gauean hainbat erreplika izan dira Norcia inguruan —herri honetatik sei kilometrora izan zuen epizentroa igandeko lurrikarak—. Indartsuena 02:27an izan da, 4,2 gradukoa. Gaua kiroldegi eta enparauetan eman dutenek argi sentitu dute astindua.

Igandeko 07:41 zirenean jazo zen Richter eskalan 6,6 graduko lurrikara. Italiako Babes Zibileko Departamentuaren arabera, herrialdearen erdialdeko hainbat eraikin behera etorri dira, eta Erroma hiriburuan ere sumatu dute dardara.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Italiako albisteak Lurrikarak