Mundua -

Tregoa

Zibilak Alepotik nola atera negoziatzen ari dira gatazkaren bi aldeak

NBEren ustean, une egokia da bake negoziazioak berrabiatzeko. Oraindik badago akordioaren aurka dagoen talderik. 120.000 bat pertsonak atera ezinik jarraitzen dute hirian.

Alepo
Alepo
Operazio militarrak eten dituzte Alepon herritarren ebakuazioa egiteko

1:08

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako agintariak eta Alepoko erreboltari taldeak zibilak eta gaixoak gerra-guneetatik ateratzeko modua negoziatzen ari dira, oposiziotik EFEri esan diotenez.

Abu Zaer al Halabi Alepo Askea Probintziako Kontseiluaren (Armadaren esku ez dauden guneak kudeatzen ditu) bozeramailearen esanetan, "negoziazioek jarraitzen dute, setiatutako guneetan dauden zibilei irteten laguntzeko".

"Orain arte, ez dago akordiorik zenbait talde ekimenaren aurka agertu direlako, esaterako, Nuredin al Zinki Mugimendua", azaldu du Al Halabik.

Aipatutako iturriaren arabera, organizazio armatu horiek zibil, gaixo eta zauritu jakin batzuk ere gatazka-guneetatik ateratzea nahi dute, neurriari oniritzia emateko baldintza gisa.

Halere, guztiak ados daude puntu batean, hain zuzen, Alepoko probintziako iparraldetik zibilak ateratzea, "ez mendebaldetik, ez baitago segurtasunik, bonbardaketak daudelako", esan du.

Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Arazoetarako ministroak iragarri zuen atzo Siriako Armadak eraso egiteari utzi diola, orain arteko zibilen ebakuaziorik handiena egin ahal izateko.

Era berean, hiriaren ekialdean dauden soldaduak ateratzeko kontsultak berrabiaraztea adostu zuen John Kerry AEBko Estatu idazkariarekin.

Giza Eskubideen Behatoki Siriarraren arabera, Aleporen ekialdean 120.000 pertsona daude oraindik, 100.000 inguru alde eginda badaude ere.

Bonbardaketa berriak

Giza Eskubideen Behatoki Siriarraren zuzendari Rami Abderrahmanen arabera, errebeldeen kontrolpean dauden Alepo ekialdeko auzoen kontrako bonbardaketa berriak egin dira, ostegun iluntzean eten zirenetik. Oraindik ez du esan biktimarik izan den.

Abderrahmanek lau aire-eraso aipatu ditu, Al Maadi, Al Mugair eta Al Firduseko barrutien aurka, ostiraleko 11:15ean (10:15ean).

Lavroven iragarpenaren ostean, Siriako Armadaren tiroak besterik ez zeuden erregistratuta.

NBEk gatazka amaitzea eskatu dute

NBEko Batzorde Nagusiak Sirian borrokak behin betiko amaitzea eskatu du eta gatazkako aldeei zibilak babesteko eskaera egin die, giza-laguntza ematea ahalbidetuz.

Kadadak bultzatutako ebazpenak 122 herrialderen babesa izan du, hamairuk kontra bozkatu dute eta 36k abstentzioaren alde egin dute.

Izaera loteslerik ez duen testua NBEko Segurtasun Kontseiluan bizi den blokeo egoerari erantzunez iritsi da. Izan ere, Errusiak betoa jarri die Siriari buruzko sei ebazpen proiekturik, eta bostetan Txinaren babesa jaso du.

Desagertzeak

"Alepoko gune errebeldetik Gobernuaren kontrolpeko guneetara igaro den ehunka pertsonen" desagertzea salatu du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak.

"Atxiloketa arbitraro, tortura eta desagertze ugariak kontuan hartuta, oso kezkatuta gaude", esan du Rupert Colville eledunak.

Halaber, 100.000 zibilek Alepo ekialdetik ihes egitea saihesten ari direla errebeldeak salatu du NBEk. Colvillek gogoratu duenez, zibilak "peoi" moduan erabiltzea gerra krimena izan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gerra Siria NBE Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Siria