Mundua -

Krisia Venezuelan

Dagoeneko 36 dira Venezuelan protesta oldea hasi zenetik hildakoak

Oposizioak hasitako mobilizazioetan izan den azken biktima atzoko ikasle protestan parte hartu zuen 20 urteko gazte bat da.

Manifestariak babesa hartzen, Venezuelan. Argazkia: Efe
Manifestariak babesa hartzen, Venezuelan. Argazkia: Efe
Manifestariak babesa hartzen, Venezuelan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduroren Venezuelako Gobernuak Asanblea Konstitugilea deitu izana salatzeko San Diegon egindako ikasle protestan zauritutako gaztea hil egin da, eta dagoeneko 36 dira oposizioaren protesta oldea hasi zenetik hildakoak.

Ministerio Publikoak jakinarazi du Hecder Lugo 20 urteko gaztea dela hildakoa, "San Diegon atzo egindako manifestazioan zauritua". Bertako prentsaren arabera, bala edo bestelako jaurtigai bat jaso zuen buruan segurtasun indarrekin borrokan ari zirenean.

Milaka gaztek kaleak hartu zituzten atzo herrialdeko hiri nagusietan Asanblea Konstituziogilearen aurka protesta egiteko. Segurtasun Indarrek geldiarazi egin zituzten, eta istilu larriak izan ziren, ur kainoiekin eta gas negar-eragilearekin batera. Dozenaka lagun zauritu ziren.

Lugoren heriotzarekin, dagoeneko 36 dira Batasun Demokratikoaren Mahaiak Maduroren "Estatu kolpea"ren aurka mobilizazioak deitu zituenetik hildakoak.

Fiskaltzak ostegunean jakinarazi zuenez, apirilaren 4tik maiatzaren 4ra 35 pertsona hil eta 717 zauritu ziren poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan, eta 152 dira atxilotuak. Hildako guztietatik 18 Caracasekoak ziren, eta lau adingabe eta bi polizia daude tartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Venezuela argazkiak