Mundua -

Kolonbia

FARCek bere ideologiari eutsiko dio alderdi politiko bihurtzean

Alderdi berriaren izena eta oinarri politikoak adosteko kongresua abiatu dute Bogotan. Gerrillaren 1.000 ordezkari inguru egongo dira bilduta ostiralera arte. Sortuk ere ordezkaritza bidali du.

FARC-EP gerrillaren kongresuaren ikuspegi orokorra. EFE
FARCen kogresua. EFE
FARC-EP gerrillaren kongresuaren ikuspegi orokorra. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politiko bihurtzeko kongresua abiatu zuen atzo FARC (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak) gerrillak. Ostiralera arte, alderdiaren izena, oinarri politikoak eta Kongresurako hautagaiak erabakitzeko Kongresu Nazionala egingo dute Bogotan. Inaugurazio ekitaldian, armak erabilita azken 50 urteotan defendatu duten ildo politikoari   eutsiko diotela berretsi zuten FARCeko buruzagiek.

1.000 bat gerrillari parte hartzen ari dira kongresuan, eta horiekin batera Kolonbiako ikasleen, nekazarien eta gizarte zibilaren ordezkari ugari, baita nazioartetik etorritako hainbat gonbidatu ere.

Hain justu, Sortu alderdiak ordezkaritza bidaliko du Kolonbiara. Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria alderdi abertzaleko kideak asteartean helduko dira Bogotara eta kongresuaren itxiera ekitaldian izango dira, Sortuk ohar batean adierazi duenez. "Kolonbian justizia soziala ziurtatzen duen bakea lortzeko ahaleginei bere babesa adierazi nahi die Sortuk", oharrean diotenez.

 

Igandeko ekitaldian Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagiak nabarmendu zuenez, alderdi politiko bihurtuta ez dituzte euren "oinarri ideologiko edo proiektu soziala" aldatuko.

Londoñoren hitzetan, "duela 53 urte bezain iraultzaileak izaten jarraituko dugu, eta Kolonbia bere subiranotasun erabatekora eramateko borondateari eutsiko diogu"

Gerrillaren oinarri komunistak zuzenean aipatu ez bazituen ere, "bakea, justizia soziala, giza eskubideak eta guztientzako ongizatea ekarriko duen garapen ekonomikoa bermatzeko erregimen politiko demokratikoa" aldarrikatu zuen Timochenkok.

Bestelako izena eduki lezake alderdiak

Luciano Marin Ivan Marquez gerrillaren bigarrenak aurreratu zuenez, bestalde, FARC siglei eutsiko die alderdi berriak ("A" letraren esanahia "armatu" beharrean "alternatibo" izango omen da).

Dena dela, Londoñok alderdiaren izenari buruzko inkesta abiatu zuen atzo Twitterren:

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Kolonbiako albisteak gaur