Mundua -

Nazioarteko operazioa

Iranen bahitutako gizon bat aske, anaiak Ertzaintzan salaketa jarri ostean

Urrian, Gipuzkoan bizi den pakistandar batek salaketa jarri zuen Ertzaintzako polizia-etxea batean, anaia bahitua zuelako Iranen. Ikerketa abiatu zuten eta hiru bahitzaileak atxilotu dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren ikerketa batek bideratuta, talde kriminal batek bahitu eta torturatutako herritar pakistandar bat askatzea lortu dute, Iranen. Hain zuzen ere, Irandik Turkiarantz errepidez bidaiatzen ari zela bahitu zuten gizona, Espainiara iristeko hasitako bidaian, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Joan den urriaren 14an, bizilekua Gipuzkoan duen pakistandar batek jarri zuen salaketa, Ertzaintzako polizia-etxean, anaia bahitua zuelako. Behin gertatutakoaren berri izan ondoren, pertsonen aurkako delituetan adituak diren eta Negoziazio Taldeko kideak diren Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko agenteak egin ziren kasuaren kargu, eta negoziazio-lanei ekin zieten bahitua askatu ahal izateko.

Lan hori bi astez luzatu zen eta, azkenean, joan den urriaren 25ean askatu zuten bahitua Iranen, Turkiako muga inguruan. Bahitzaileak handik ordu batzuetara atxilotu zituen Turkiako Gendarmetzak. Nazionalitate bereko beste pertsona bat ere bahituta zuten eta lagun hori aske geratu zen, Segurtasun sailaren arabera.

Bahituek etengabeko eraso fisikoak eta psikikoak jasan zituzten, eta familiartekoei torturen irudiak eta bahituen osotasun fisikoaren aurkako hitzezko mehatxuak igorri zizkieten, 10.000 euroko fidantza eskatuz, ohar horretan jakitera eman dutenez.

Ikerketa sekretupean izan da orain arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ertzaintza Bahiketak Salaketak berriak Eguneko albisteak Turkia Iran Pakistango Islamiar Errepublika albisteak Asia albisteak