Mundua -

Uholdeak

Sena ibaiak gainezka egin du Parisen eta Louvre museoaren zati bat itxi dute

Horrez gain, sei tren geltoki zarratu dituzte, tartean Saint Michel geltoki ezaguna. Ibaiak sei metroko altuera harrapa dezake asteburuan.

Sena ibaiak gainezka egin du Parisen. Argazkia: EFE
Sena ibaiak gainezka egin du Parisen. Argazkia: EFE
Sena ibaiak gainezka egin du Parisen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sena ibaiak ia sei metro gainditu du bere ohiko maila, eta, ondorioz, horren inguruko errepideak, garraio azpiegiturak eta Louvre museoaren zati bat itxi behar izan dituzte Parisen.

Hainbat gunetan egin du gainezka ibaiak, eta mailak gora egiten jarraitzen du. Asteburuan sei metroak harrapa ditzake, adituen esanetan.

Uholde arriskua dela-eta, alerta laranjan daude Frantziako ipar eta ipar-ekialdeko dozenaka departamendu. Batez ere, Sena eta Rodano ibaien arroek sortzen dute kezka, Meteofrancek ohartarazi duenez.

Hala, badaezpadako neurri gisa, Louvre museo ezagunak beheko solairua itxi zuen asteazkenean. Gutxienez, igandera arte egongo da zarratuta. "Krisi mahai bat ari da egoera unean-unean jarraitzen", azaldu du museoak ohar baten bidez.

Orsay eta Orangerie museoek ere, neurriak hartu dituzte, badaezpada; besteak beste, artelan batzuk lekuz aldatu dituzte.

Bestalde, itsasontziak ezin dira Notre Dame katedralaren inguruan dauden zubien azpitik igaro, eta ibaiertzera ez hurbiltzeko gomendatu diete turistei eta herritarrei.

CRECIDA SENA PARIS UHOLDEAK EFE

Gizon bat bidaiari bat eramaten, gainezka egin duen Sena ibaian. Argazkia: EFE

Hainbat tren geltoki, itxita

Ibaitik gertu dauden sei tren geltoki, tartean Saint Michel turistikoa, itxi behar izan dituzte.

Halaber, ibaiertzetik doan RER C aldiriko trenen zerbitzua etenda egon da azken bi egunetan, Boulainvilliers eta Saint Michel geltokien artean.

Senatik hurbil dauden lorategiak ere itxi dituzte. Balioa duten ondasunik sotoetan ez gordetzeko aholkatu die Udalak herritarrei, uraren maila igo daitekeelako.

1658an harrapatu zuen Senak bere maila gorena: ia bederatzi metro igo zen. 1910ean, 8,62 metroko altuera harrapatu zuen ibaiak, eta hiriburuko gune asko urpean utzi zituen.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Zer gertatu da Parisen? Frantzia berriak Gaurko azken ordukoa Uholdeak bideoak Euskal museoetako erakusketak