Mundua -

Hauteskundeak

Movimento 5 Stelle nagusitu da Italiako hauteskundeetan

Di Maioren zerrendak % 30tik gora jaso du, Renziren Partito Demokratikoak baino 12 puntu gehiago. Zentro-eskuineko koalizioak -Forza Italia, Lega Nord, Fratelli d'Italia- gobernua osa lezake.

Alessandro di Battista, M5Sko ordezkari nagusietako bat, bart, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Alessandro di Battista, M5Sko ordezkari nagusietako bat, bart, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Irabazle argirik ez Italiako hauteskundeetan

1:53

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Movimento 5 Stelle (M5S) mugimenduak irabazi zituen atzo, igandea, hauteskunde orokorrak Italian, Luigi di Maio zerrendaburu zela. Boto gehien jaso duen alderdia da, baina hauteskundeetako emaitzek ez dute oraindik etorkizun ziurrik marraztu EBeko hirugarren potentzian.

23:00etan itxi zituzten hauteslekuak, eta orduan hasi ziren botoak zenbatzen. Orain, % 92,8 zenbatuta, datu ofizialek M5Sren garaipena baieztatu dute, botoen % 32,2 jasota.

Partito Democratico alderdia % 18,9an geratu da, porrot handia jasota; Lega Nordek Forza Italia (% 13,9) gainditu du, % 17,8 eskuratuta; Fratelli d'Italiak % 4,3 jaso du eta Liberi e Ugualik % 3,4.

Hala, Senaturako bozketan % 30 baino gehiago jaso du Beppe Grillok eta Gianroberto Casaleggiok sortutako mugimenduak, Silvio Berlusconiren Forza Italiak (FI) baino bikoitza jaso du. FI da zentro-eskuineko koalizioaren alderdi nagusia.

Alabaina, koalizioa botoen % 37 batzeko egoeran egonda ere, ez lirateke nahikoak izango Italian gobernua osatzeko.

M5Sek lortutako emaitzak "egundokoak" izan dira, hala adierazi du ezagutu eta berehala Alessandro di Battista diputatuak, goizaldean egindako agerraldi batean.

"Datuek diote denek hitz egin beharko luketela gurekin. Herri italiarrarentzako bermerik handiena da. Gure gardentasun, zuzentasun eta sinesgarritasun metodoak erabili beharko lituzkete, proposamenetan oinarrituta", esan zuen Erroman, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

Di Battistak esandakoarekin, badirudi alderdia Gobernura heltzeko ahaleginak egiteko prest dagoela, koalizioen bidez, aurretik ohiko alderdiekin hitz egiteko kontra azaldu den arren.

Partito Demokratikoak (PD) porrot "argia eta garbia" izan duela onartu du, hirugarren lekuan geratu baita. Paolo Gentiloni lehen ministroaren alderdia da, eta azken bost urteetan Gobernua gidatu duena.

Ehunekoak eta eserleku kopuru zehatza ezagutzea falta izanda, Italiako alderdi politikoen liderrek ez dute agerraldirik egin nahi izan, ezta Luigi di Maio M5Seko buruak ere.

Matteo Renzi eta Silvio Berlusconi lehen ministro ohiak ere ez dira hedabideen aurrean agertu. Era berean, Matteo Salvinik (Lega Nord) ere uko egin dio agertzeari.

Legak Berlusconi garaitu du hauteskunde horietan. Edonola ere, Berlusconik ezin du lehen ministro izan, epai batek galarazten diolako. Hala, Salvinik Italiako eskuinaren lidergoa kendu dio.

Hauteskundeetako beste titularretako bat CasaPund eta Forza Nuova alderdi faxistek lortutako babes txikia da. Antza denez, Parlamentutik kanpo geratuko dira.

Bilerak 23an hasiko dira

Sergio Mattarella Italiako Estatuburuak martxoaren 23an abiaraziko du kontsulta egiteko bilera sorta, Gobernua osatzeko aukera dagoen aztertzeko, Parlamentuko eta Senatuko presidenteak aukeratu ondoren.

Hori baino lehen, martxoa 8-9 bitartean, bozketan hautatutako senatariek eta diputatuek euren burua erregistratuko dute. Martxoak 23an, hala, presidentea aukeratzeko lehen bilera egingo dute.

Senatuaren araudiak dio adinaren araberako txandak antolatu behar dira, hortaz, Giorgio Napolitano (93 urte) Errepublikako presidente ohi eta senatariak gidatuko du saioa.

Sergio Mattarella, Italiako presidentea. Argazkia: EFE

Sergio Mattarella, Italiako presidentea. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Italia Hauteskundeak