Mundua -

Indarkeria matxista

Bi neska bortxatu eta erre dituzte Indian

Horietako bat ospitalean dago, gorputzaren % 65 erreta. Bezperan, beste neska bat bortxatu zuten, eta, salaketa jarri ostean, bortxatzaileek bizirik erre zuten.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17 urteko adingabe bat bortxatu eta erre zuten larunbatean Jharkhand eskualdean, India mendebaldean. Azken egunotan eskualde horretan jazotako mota horretako bigarren indarkeria matxistaren kasua da.

Shailendra Prasad Barnwal Poliziaren superintendenteak azaldu duenez, gazteari Pakur barrutian egin zioten eraso. Larunbatetik erietxean da, gorputzaren % 65 erreta duela.

Bengala estatuko ospitalera eraman zuten hasieran, baina Jharkhandeko Bokaro erietxera eraman behar izan zuten, biktima artatzeko nahikoa baliabide ez zutelako bestean.

Ustezko bortxatzailea 15 egunez egongo da preso, Barnwalen esanetan.

Beste gazte bat bortxatu eta hil zuten bezperan

Ostiralean, beste adingabe bat bortxatu zuten Chatra barrutian. Gazteak salaketa jarri zuen tokiko kontseiluan, eta erakundeak isuna jarri zien bortxatzaileei. Gizonek, mendekuz, su eman zioten eta hil egin zuten.

Poliziak 15 gizon atxilotu ditu gertakariekin zerikusia dutelakoan.

106 salaketa egunean

Apirilean bortxatzaileen kontrako zigorrak gogortu zituen Indiako Gobernuak, 12 urtetik beherako umeen bortxatzaileei heriotza-zigorra ezartzeko. Jammu eta Kaxmir eskualdean 8 urteko neskato bat torturatu, bortxatu eta hil ondoren aldatu zuten legea, kasuak polemika handia eragin baitzuen.

Indiako Delituen Erregistroen Agentzia Nazionalak emandako datuen arabera, adingabeen kontrako delituak bikoiztu egin dira 2013tik 2016ra bitartean, 58.224tik 106.958ra igo baita. 2016an salatutako 38.947 bortxaketen (egunean, 106) 19.765 adingabeei egindakoak dira.

2012an ere legedia gogortu zuen Indian, gazte bati hainbat gizonek egindako talde bortxaketaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Albisteak India Matxismoa