Mundua -

Presidente-hauteskundeak

Gutxienez bi hildako eta bi zauritu Kongoko presidentetzarako hauteskundeetan

Litekeena da, hauteskunde horiei esker, herrialdeak bere lehen trantsizio demokratikoa abiatzea. Krisia, segurtasun falta eta ebola izango dira presidente berriaren funtsezko erronkak.

Kongoko emakumezko bat, bozkatzen. Argazkia: EFE
Kongoko emakumezko bat, bozkatzen. Argazkia: EFE
Kongoko emakumezko bat, bozkatzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bi lagun hil eta beste bi zauritu dira Lurhalan, Walunguko lurraldean, Kivu Surren (Kongoko Errepublika Demokratikoa), hautesleen eta polizia baten artean izandako liskar batean. Presidente berria aukeratzeko hauteskundeak egiten ari dira igande honetan Kongon eta litekeena da, hauteskundeen emaitzen ondorioz, herrialdeak bere lehen trantsizio demokratikoa abiatzea.

Bi herritar horien heriotza Lurhalako lehen mailako ikastetxean jazo da. Emmanuel Ramazani Shadary hautagaiaren aldeko oihuak bota ditu herritar batek, eta zenbait lagun protesta hasi direnean, polizia batek taldea tirokatu du. Horri erantzunda, jendetzak polizia hil egin du.

Joseph Kabila Kongoko egungo presidenteak hainbatetan atzeratu behar izan ditu hauteskundeak segurtasun falta eta hauteskundeak antolatzeko zailtasunak tarteko. Hori dela eta, krisia, segurtasun falta eta ebola izango dira presidente berriaren funtsezko erronkak.

40 milioi lagun baino gehiago daude deituta boza ematera. Ika-mika handia piztu zuten boza-makina elektronikoak erabiliko dituzte lehen aldiz. Oposizioak makina horiek gogor salatu ditu, erraz manipulatu daitezkeelakoan; hauteskunde-agintariek, berriz, horiek defendatu dituzte.

Kabilaren ondorengoa, Emmanuel Ramazani Shadary, hautagai faboritoa da, Kabilaren lagun boteretsuek babesa eskaini baitiote. Dena dela, horren irudi publikoak okerrera egin du, eta inkesten arabera, oposizioaren beste hautagairen batekin lehiatu beharko da.

Kabila Kongoko egungo presidenteak boza ematera animatu ditu herritarrak. "Euriari aurre egiteko eskatzen diet herritarrei", esan du 2001az geroztik boterean dagoen Kabilak, Kinshasan botoa eman ostean.

Ustezko irregulartasunak

Bestalde, Kongoko oposizioak "irregulartasunak" salatu ditu. Hautesleek salatu dutenez, hautagai-zerrendetan izenak falta dira, eta boza-makina elektronikoetan etengabeko erroreak daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Ebola Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak