Mundua -

Tragedia

150 pertsona baino gehiago hil dira Libiako uretan ontzi bat hondoratu ostean

Dozenaka pertsona erreskatatu dituzte. 250 lagun bat zeramatzan ontzia Khomsetik (Libia) atera zen.

Bi migratzaile, Mediterraneoan erreskatatuak izan eta gero. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bi migratzaile, Mediterraneoan erreskatatuak izan eta gero.
150 migratzaile hil dira Libiako uretan ontzi bat hondoratu ostean

1:22

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150 pertsona baino gehiago hil dira azken orduetan Libiako uretan, Europa jomuga, Mediterraneoan barrena zihoan ontzi bat hondoratu ostean, ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak jakinarazi duenez.

Agentziaren arabera, beste 150 pertsona erreskatatu eta Libiako hiriburura eraman dituzte bueltan. Bertan laguntza mediko eta humanitarioa eman diete.

Ordu batzuk geroago, Libiako itsas zaintzak baieztatu du gutxienez 116 lagun desagertu eta 132 onik atera direla.

Ayub Qasem bozeramailearen hitzetan, ontzian 250 bat lagun zihoazen, erreskatatutako pertsonek kontatu dutenez.

Ontzia Khoms hiritik —Tripoli hiriburutik 120 kilometro ekialdera— abiatu zen. Dena dela, Libiako agintariek ez dute zehaztu noiz gertatu den hondoratzea eta nork erreskatatu dituen migratzailek.

Antonio Guterres NBEn idazkari nagusiak aitortu duenez, "atsekabetuta" dago gertatukoarekin. Nabarmendu duenez, "bide seguru eta legezkoak behar ditugu migratzaile eta errefuxiatuentzat. Bizitza hobea helburu herrialdea uzten duen pertsona orok segurtasuna ea duintasuna merezi du".

32.363 hildako 2014tik

Migraziorako Nazioarteko Erakundeak (IOM, ingelesez) asteon emandako datuen arabera, 683 pertsona hil dira urtea hasi zenetik Mediterraneoan. Hiru dira bide nagusiak: erdialdekoa (Aljeria, Tunisia eta Libiatik abiatuta Italia helmuga duena), ekialdekoa (Grezia jomuga) eta mendebaldekoa (Espainiar Estatura doana). Hurrenez hurren, 426, 53 eta 204 pertsona hil dira bideotan. IOMk ohartarazi duenez, kezkagarria da mendebaldeko bidean atzemandako igoera.

Erakundeak 32.362 hildako zenbatu ditu 2014tik. Nolanahi ere, zehaztu du "zailtasunak" izan dituela datuok biltzeko eta, beraz, "baliteke hildakoen kopurua askoz handiagoa izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Europa NBE Eguneko albisteak Albisteak Itsas istripuak gaur Errefuxiatuak Itotzeak itsasoan Mediterraneo itsasoko kostaldea Zer gertatzen ari da Libian?