Mundua -

Dokumentazioa

Biografia: Berlusconi, dagoeneko 'graziarik' egiten ez duen 'showman'a

Hiru agintalditan Italiako lehen ministro izandakoa eta komunikazio munduko handikia dena zentzugabeko ika-mikak sortzen paregabea da.

Silvio Berlusconi, gizonezko polemikoa. Argazkia: EITB
Silvio Berlusconi, gizonezko polemikoa. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zuk ez zenioke zure alaba, dirua ala kotxea utziko. Hala ere, Silvio Berlusconik (Milan, 1936ko irailak 29) italiarrak limurtu ditu hainbat hamarkadaz, bere karismak eta irabazle irribarretsuak osatutako irudiak lagunduta.

Krisi ekonomikoak eta eskandaluen zerrenda amaigabeak 'il Cavaliere'k italiarrekin (enpresaburuak, politikariak, kazetariak eta epaileak barne) zuen amodiozko harremana apurtu dute. Italian aspalditik ez dituzte horren txantxak gustuko.

Hala ere, litekeena da egungo egoera engainagarri izatea. Silvio Berlusconi bere beheraldi politikoan dago baina oraindik ere, herrialdeko lagun boteretsuena da eta baita aberatsena ere. Lehen ministroa izan da hiru agintalditan, hedabideetako handikia da (Mediaset taldeko jabea da), AC Milan futbol taldeko jabea eta noizean behin, abeslaria.

Epaileei aurre egin die, bere aurka azpijokoetan ibiltzea leporatu die. Egun, bost prozesu judizialetan dago auzipetuta, eta akusazioak era guztietakoak dira: adingabeen prostituzioa, botere abusua, eroskeria, iruzur fiskala, ustelkeria...

Lehen ministroa izanda, haren aldeko legeak proposatu ditu, esaterako Alfano Legea (justiziak Konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen). Lege horrek immunitatea eskaintzen zion 'il Cavaliere'ren ustezko delituen aurrean.

Milaka hitz daude Berlusconi deskribatzeko: bitxia, andrezalea, polemikoa, liskarzalea, xarmagarria, ahohandia, 'showman'a, txantxazalea, lotsagabekoa, populista...

Ika-mika ospetsuenak

Berlusconiren izaera zirikitzaileak hainbat burukomin ekarri dizkio Italiari, eta haren ika-mikak zeresan handia eraman du hedabideetara.

Emakumeekiko zaletasuna polemikaren gakoa izan da sarritan. Azkena 2011ko urriaren 26an jazo zen, Europar Batasunean krisi ekonomikoari buruzko goi-bilera batean Helle Thorning-Schimdt Danimarkako lehen ministroa agurtu zuenean eta, inongo lotsarik gabe, ipurdiari so geratu zitzaionean.

Hilabete lehenago, prentsako editore batekin telefonoz izandako elkarrizketa batean, 'il Cavaliere'k "larrutan egiteko balio ez duen ipurdi lodia" zela esan zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren gainean.

Berlusconiren probokazioak AEBetako Etxe Zurira ere heldu ziren. 2009ko irailean, AEBetan G-20 taldeko goi-mandatariei egindako harrera batean, adeitsuegi agertu zen Berlusconi Michelle Obama agurtu zuenean. Barack Obama presidenteak harrituta eta haserre hartu zuen keinua.

Berlusconi protagonista izan den ika-miken artean, Ruby auzia nabarmendu dezakegu. 20 bat emakumek, tartean adingabeak, parte hartu omen zuten berak antolatutako orgietan, eta bertan gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu zuten epaileek.

 

Ibilbidea1974an sortu zuen Silvio Berlusconik bere lehen hedabidea: Telemilano telebista katea. Ordutik, telebista kate eta idatzizko hedabide ugari zuzendu ditu, eta XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako "Kane herritarra" bihurtu da.

1994an Forza Italia koalizio politikoa sortu eta boterera heldu zen, baina urte bat geroago Gobernutik kanpo geratu zen. Hasierako saiakera horren ostean, lehen ministroa izan da bitan: 2001etik 2006ra eta 2008tik gaur arte.

 

Adierazpen polemikoenak

- “Etxera joateko esaten didate, baina ez dakit ditudan 20 etxeetatik zeinetara”

- Obamari buruz: “Gaztea eta guapoa da, gainera beltzarana du azala, eta hori ona da hasteko”

- Alderdi ezkertiarrei buruz: “Konfiantza osoa dut italiarren inteligentziarengan, beraz, ez dut uste euren interesen kontra bozkatzeko tuntun asko egongo denik”

- L’Aquilako lurrikararen biktima baten aurrean: “Ukitu dezaket emakumea pixka bat?”

- “Ezkertiarrek gusto txarra dute, baita emakumeek ere. Gure emakumezko hautagaiak askoz ere ederragoak dira”

- “20 eta 30 urteko emakumeei nirekin larrua joko ote zuten galdetu diete. % 33k baietz esan dute. Gainerako % 67ak ‘berriro?’”

- “Lehengoan odol analisia egin zidaten eta nire adineko gizon baten datu normalak eman nituen: % 90 viagra odolean”

- Langabeziaz kezkatutako emakume bati: “Berlusconiren semearekin edo beste dirudunen batekin ezkontzea gomendatzen dizut. Zure irribarrarekin lor dezakezu”

- Espainian dauden emakumezko ministroen kopuruari buruz: “Zapateroren Gobernua arrosegia da. Italian ezinezkoa izango litzateke horrelako Gobernua osatzea, Italian gizona emakumearen gainetik dago”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea