Mundua -

Istripua Javako itsasoan

62 pertsona zeramatzan hegazkin baten hondakinak bilatzen ari dira Indonesian

Boeing 737-524 hegazkina Javako itsasoan erori da Sukarno-Hatta aireportutik aireratu ondoren. Hegazkinean 50 bidaiari, tartean hiru haurtxo eta beste zazpi adingabe, eta 12 tripulatzaile zihoazen.

Hegazkineko bidaiarien senideak. Argazkia: EFE
Hegazkineko bidaiarien senideak. Argazkia: EFE
Hegazkineko bidaiarien senideak. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sriwajaya airelineako hegazkin baten hondakinak bilatzen ari dira Indonesian. 62 pertsona zeramatzan, eta larunbat honetan itsasora erori da Jakartako kostaldean, aireratu eta handik gutxira, kontrol-dorrearekin kontaktua galdu ondoren.

Basarna Indonesiako erreskate agentziak baieztatu duenez, Boeing 737-524 hegazkina Javako itsasoan erori da Sukarno-Hatta nazioarteko aireportutik aireratu ondoren. Indonesiako hiriburua eta Pontianak (Mendebaldeko Borneoko hiriburua) lotu behar zituen hegaldiak. 90 bat minutuko hegaldia da.

Dirudienez, hegazkinak ezustean norabidea aldatu du. Hori ikusita, kontrol-dorreak pilotuei zer gertatzen ari zen galdetu die, baina bat-batean radarretik desagertu da, Budi Karya Sumadi Garraio ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Itsas Armadak hamar ontzi bidali ditu zonaldea arakatzeko. Istripuaren toki zehatza aurkitu dute Laki uhartean, Jakartako kostaldetik 6 bat kilometro iparraldera.

Hegazkinean 50 bidaiari, tartean hiru haurtxo eta beste zazpi adingabe, eta 12 tripulatzaile zihoazen. Bidaiari guztiak indonesiarrak zirela baieztatu dute agintariek.

Jakartako ospitale batean gorpuak identifikatzeko postua jarri du Poliziak. Bertan biktimen senideak eta lagunak artatuko dituzte, Detik atariak jakinarazi duenez.

Bestalde, inguruko arrantzaleek bertako komunikabideei azaldu dietenez, leherketa bat eta hegazkinaren balizko hondakinak ikusi dituzte itsasoan.

KompasTV bertako telebistak zabaldutako irudietan, arrantzale batzuek kableak eta ekipoak erakutsi dituzte. Antza denez, ezbeharraren tokian topatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Indonesia