Mundua -

'Bettencourt' auzia dela-eta

Nicolas Sarkozyren etxea eta bulegoak miatu ditu Poliziak

'Bettencourt' auziarekin eta 2007ko hauteskunde kanpainaren ustezko legez kanpoko finantzaketarekin dute zerikusia miaketek. Sarkozyren abokatuaren hitzetan, ''oso dokumentu gutxi'' eraman dituzte.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia. Argazkia: EITB.
Poliziak Sarkozyren etxea eta bulegoa miatu ditu

02:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak, instrukzio-epailearen zuzendaritzapean, Nicolas Sarkozy presidente ohiaren etxea, bulegoa eta abokatu-langela miatu ditu astearte honetan. Ikerketak 'Bettencourt' auziarekin eta 2007ko hauteskunde kanpainaren ustezko legez kanpoko finantzaketarekin du zerikusia.

Finantza saileko hamar bat Polizia agentek egin dute miaketa. Sarkozy eta Carla Bruni ez dira bertan egon, Kanadan baitaude, oporretan.

Thierry Herzog Sarkozyren abokatuaren hitzetan, ''oso dokumentu gutxi'' eraman dituzte.

Le Monde egunkariak jakitera eman duenez, Lilliane Bettencourt L'Oréal etxeko oinordekoaren kasua ikertzen duen Jean-Michel Gentil epailea izan da Sarkozyren eta Carla Bruniren jauregitxoaren miaketak zuzendu dituena. Presidente ohiaren bulegoak ere arakatu dituzte epaile horren zuzendaritzapean.

Joan den ekainaren 16tik, Sarkozyk ez du presidente karguagatik immunitaterik. Immunitate horren amaieraren ondoren Justiziak abia zitzakeen ikerketei aurrea hartuz, Sarkozyk berak bere agenda epailearen esku jartzea agindu zien abokatuei, Bettencourt familiari bisitarik egon ez zela egiaztatzeko.

Bertako hainbat komunikabideren arabera, datozen orduotan dei lezake epaileak Sarkozy deklaratzera.

'Bettencourt' auzia eta kanpainaren finantzaketa

2007ko kanpaina finantzatzeko, ustez 150.000 euro jasotzeagatik ari dira ikertzen presidente ohia. Éric Woerth garai hartako bere diruzainaren bitartez jaso zuen, ustez, diru hori.

Sarkozyren Gobernuan ministro izan zen Woerth, baina dimititu behar izan zuen, 'Bettencourt' auziarekin zuen harremanagatik. Izan ere, Lilliane Bettencourtek eta André haren senarrak emandako dirua jasotzeagatik inputatu zuten Woerth 2007an.Ikertzaileek susmoa dute diru hori garai hartan Barne ministro zen Sarkozyren kanpainari laguntzeko erabili zutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea