Mundua -

Estatu-kolpea Afrikan

Frantzia Nigerretik herritarrak ateratzen hasi da, Burkina Fasok eta Malik abisua eman ostean

Espainiako Gobernuak esan du 70 herritar baino gehiagoren ebakuazioa prestatzen ari dela, Italiak hegazkin bat pleitatuko du eta Berlinek alemaniarrei herrialdetik alde egitea gomendatu die. EBk, ordea, ez du aurreikusten oraingoz bere langileak ateratzea.

Niamey hiriburuko kaleak, gaur. Argazkia: EFE
Niamey hiriburuko kaleak, gaur. Argazkia: EFE
Niamey hiriburuko kaleak, gaur. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nigerren estatu-kolpea eman eta sei egunera, Frantziak herritarrak ebakuatzeari ekin dio gaur, Burkina Fasok eta Malik esku-hartze gerra-deklaraziotzat jotzeko egindako ohartarazpenaren ondotik.

Nigerrek ezegonkortasun handiko uneak bizi ditu, eta horrek Saheleko eskualde osoan eragina du. Joan den asteazkenean Herriaren Babeserako Kontseilu Nazionalean (CNSP) antolatutako batzar militar batek eman zuen estatu-kolpea. Batzar militar horrek Mohamed Bazoum presidente hautatua kargutik kendu, mugak itxi eta Konstituzioa bertan behera utzi zuela iragarri zuen.

Niamey hiriburuan egoera lasaia da gaur, euri-jasek markatutako egun batean. Kolpisten batzorde militarrak (Abdourahamane Tiani jenerala buru duela), telebista publikoan egunero agiriak zabaltzen dituenak, ez du halakorik egin atzo goizaldetik.

Azken komunikatuan, esku-hartze militarra antolatzea leporatu zion Frantziari, eta, aldi berean, operazio bat abiatu zuen lau ministro, diputatu bat, gobernuan zegoen alderdiko presidentea eta kargudun militar bat atxilotuz, Frantziarekin konspiratzea leporatuta.

Joan den igandean Niameyn egindako manifestazio nagusia Frantziako enbaxadaren aurkako eraso bortitzarekin bukatu zen. Horri erantzunez, Parisek argi eta garbi ohartarazi zuen "berehala" erantzungo zuela bere interesen aurkako erasorik izanez gero.

Istilu horien aurrean, Parisek frantziarren eta Europako beste herritar batzuen ebakuazioa hasi du gaur, bi hegazkin militar bidaliz. Era berean, Espainiako Gobernuak esan du 70 espainiarren ebakuazioa prestatzen ari dela, Italiak hegazkin bat pleitatuko du eta Berlinek alemaniarrei herrialdetik alde egitea gomendatu die. Europar Batasunak, ordea, ez du aurreikusten oraingoz bere langileak ateratzea.

Nigerrek aurre egin beharko die Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasunaren (UEMAO) eta Mendebaldeko Afrikako Estatuen Ekonomia Erkidegoaren (CEDEAO) finantza-zigorrei. Joan den igandean, astebeteko ultimatuma eman zien kolpistei ordena konstituzionala berrezartzeko.

Zigor horiei gogor erantzun diete Burkina Faso eta Mali inguruko herrialdeek, bart ohartarazi baitzuten edozein esku-hartze militar haien aurkako gerra-deklarazio baten parekoa dela.

Bestalde, NBEk esan du CEDEAOk adostutako neurriak babesten dituela, baina esku-hartze militarrik ez gertatzea espero du.

Malik eta Burkina Fasok, Errusiaren aliatuek, Niger babesteak junta kolpista Moskura hurbildu dela pentsarazten du, nahiz eta oraingoz Nigerreko militarrek ez duten etorkizuneko aliantzarik aurreratu.

Hala ere, AEBek ez dute Errusia Nigerren estatu kolpea babesten ari den zantzurik ikusi. Etxe Zuriko bozeramaileetako batek, John Kirbyk, adierazi du bere herrialdeak ez duela egiaztatu errusiarrek inolako erantzukizunik dutenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europar Batasuna Espainia Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Italia Frantziako Gobernua Zer gertatu da Nigerren?