Mundua -

Israel-Hamas gerra

Bigarren faseari ekin eta ultimatuma eman die Israelek Gaza iparraldeko herritarrei, hegoaldera joan daitezen

Netanyahuk jakinarazi du "lurreko inbasioa areagotzeko" agindu duela, eta gerra "gogorra eta luzea" izango dela iragarri du. Gazatarrak guztiz inkomunikatuta daude, Internetik eta komunikaziorik gabe.

Bi gizon Gazan, bonbardaketek zauritutako bi haur besoetan dituztela. Argazkia: EFE
Bi gizon Gazan, bonbardaketek zauritutako bi haur besoetan dituztela. Argazkia: EFE
Israelek hurrengo fasea jarri du abian

01:30

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak larunbat iluntzean iragarri duenez, Israelgo Gobernuak Gazako Zerrendaren "lurreko inbasioa areagotzea" onartu du.

"Gure helburua argia da: etsai hiltzaile bat garaitzea. 'Inoiz gehiago ez' esan dugu, eta berriro errepikatzen dugu", adierazi du Netanyahuk Tel Avivetik egindako agerraldi ofizialean.

Hala, "bigarren fasea" hasiko da Gazan, lurreko indar gehiago sartuz, "Hamasen ahalmen militarra eta gobernua suntsitzea eta bahituak etxera itzultzea lortzea" helburu.

Hegoaldera ihes egiteko "azken abisua"

Bestalde, Daniel Hagari Israelgo Armadaren bozeramaileak Gazako Zerrendaren iparraldean jarraitzen duten herritarrei ohartarazi die ihes egiteko "denbora amaitzen" ari zaiela, eta hegoaldera joateko eskatu die. 

"Joan zaitezte hegoaldera. Zuen segurtasunagatik. Ez da badaezpadako neurria. Premiazko eskakizun bat da Gazako zibilei zuzendua", esan du Hagarik, Armada "Hamasen mehatxua deuseztatzeko operazioa egitear dago" gaineratu aurretik.

Israelgo Armadaren bozeramaileak esan du "behin-behineko neurria" dela, eta erasoaldiak amaitzen direnean itzuli ahalko direla Gaza iparraldera.

Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez, "ebakuazio agindua legez kanpokoa da", indarrez egindako lekualdatzea baita.

Lurreko erasoak

Ordu batzuk lehenago, Hagarik esan du Hamasen kontrako "gerraren faseetan aurrera" egiten ari direla, eta soldaduak lurretik, itsasotik eta airetik erasotzen ari direla Gazako Zerrendan.

"Soldaduak, blindatuak, ingeniariak eta artilleria ari dira parte hartzen, bonbardaketa handiekin batera", azaldu du Hagarik telebistaz zabaldutako agerraldi batean, eta, gaineratu duenez, soldadu israeldarrak daude Gaza barruan erasoak egiten.

Era berean, zehaztu du Hamasen bi buruzagi hil dituztela, aireko eta itsasoko taldeetako buruak, eta horrelako ekintzei esker "ahuldutako etsai baten aurka" borrokatzen ari direla.

Komunikazioak, etenda

Paltel telekomunikazio enpresa palestinarrak jakinarazi du Gazako komunikazio zerbitzuak "erabat" etenda daudela, eta Zerrendaren gaineko bonbardaketa gogorrei egotzi die galera hori. "Gaza lotzen duten nazioarteko lineak kaltetu dira azken orduetako bonbardaketa gogorretan, eta horren ondorioz eten da komunikazioa", azaldu du ohar baten bidez konpainiak berak.

Sareetan erabiltzaile asko Zerrendaren barruan komunikazioa ezinezkoa zela ohartarazten hasi eta gutxira iritsi da Paltelen jakinarazpena.

Nazio Batuen Erakundeak zabaldu duenez, Munduko Osasun Erakundea eta UNICEF ezin dira Gazako euren langileekin harremanetan jarri.

Palestinako Ilargi Gorriak ere ohartarazi du kontaktua "erabat" galdu duela Gazako Zerrendako operazio-gelarekin eta bertako talde guztiekin, komunikazio finkoak, mugikorrak eta Internet eten direlako. Horrek ere Israelgo agintariei egotzi die komunikazioen etena.

Halaber, Ilargi Gorriak kezka handia agertu du Gazako Zerrendan lan egiten duten osasun-langileen segurtasunagatik, "Israelek eguneko 24 orduetan egiten dituen aire-eraso etengabeen ondorioz".

Horren harira, Ishaq Sidr Palestinako Aginte Nazionaleko Telekomunikazio ministroak Gazako herritarrei komunikazio sarea eskaintzeko eskatu dio Egiptoko Gobernuari.

Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan
Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan
Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan

0:44

Laguntza humanitarioa

Bien bitartean, Israelgo Armadaren bozeramaileak esan du "esfortzu humanitarioa" indartuko dutela, eta Hamasen kontrolpean dagoen Gazako Zerrendaren hegoaldean kamioi gehiago sartuko direla laguntza humanitarioa eramateko.

"Gaza hegoaldera lekualdatu diren herritarrentzako esfortzu humanitarioa handituko dugu", gaineratu du lurreko erasoak ugarituko dituztela jakinarazteko egin duen agerraldian.

Netanyahu bahitutakoen senideekin bildu da

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Hamasek bahitutako 229 israeldarren familiekin bildu da; izan ere, senideetako batzuek berarekin hitz egiteko eskaria egin dute azken orduotan, Armadaren lurreko erasoaldiak bahitutako senideen segurtasuna kolokan jarriko ote duen beldur baitira. Horrelako operaziorik ez egiteko eskatu diote.

"Su-eten humanitarioa" eskatzeko ebazpena onartu du NBEk

Nazio Batuen Batzar Nagusiak herrialde arabiarrek aurkeztutako ebazpen ez-lotesle bat onartu du ostiralean, Gazako Zerrendan "berehalako su-eten humanitario iraunkorra" eskatzeko.

Ebazpenak aldeko 120 boto, 45 abstentzio eta kontrako 14 boto jaso ditu. Hauek bozkatu dute kontra: Israel, AEB, Guatemala, Hungaria, Kroazia, Austria, Papua Ginea Berria, Paraguai, Marshall Uharteak, Tonga, Txekia, Mikronesia, Fiji eta Nauru.

Bozketaren emaitza loteslea ez bada ere, normalean pisu politiko handia izaten du, nazioarteko komunitate osoaren jarrera erakusten baitu.

7.703 hildako

Israelen eta Hamasen arteko gerra urriaren 7an hasi zen, talde islamistak Israelen egindako erasoan 1.400 pertsona hil, 5.000 zauritu eta 200 bahitu ostean.

Ordutik, Israelek etengabe bonbardatu du Gazako Zerrenda, eta gutxienez 7.703 pertsona hil, ia erdiak haurrak (3.185), eta 19.000 zauritu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Hamas Benjamin Netanyahu gaur Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Giza eskubideak albisteak Ekialde Hurbila