Mundua -

Alemania

Gizona atxilo hartuta amaitu da Hanburgoko aireportuko gertakaria, eta bahitutako neskatoa onik da

Poliziak atxilotu egin du Hanburgoko aireportuan armaz sartu eta lau urteko alaba bahituta zuen gizona, eta neskatoa onik ateratzea lortu dute. Antza, adingabearen zaintzaren inguruko eztabaida baten harira gertatu da dena.

Hanburgoko aireportua. Argazkia: Efe
Hanburgoko aireportua. Argazkia: Efe
Hanburgoko aireportua. Argazkia: Efe

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak atxilotu egin du Hanburgoko aireportuan armaz sartu zen gizona, eta, ordu batzuetako negoziazioen ostean, lau urteko alaba askatzea lortu du. Antza, adingabearen zaintzaren inguruko eztabaida baten harira bahitu du alaba susmagarriak. 

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, susmagarria bere kabuz atera da bere alabarekin batera giltzepetuta zegoen autotik. Atxilotzeko orduan, gizonak ez du trabarik jarri, eta neskatoa ondo dago.

35 urteko gizonezkoa larunbateko 20:00ak aldera sartu zen aireportuan, ibilgailuarekin hesi bat zeharkatu eta lurreratzeko pistaraino iritsi zen. Bertan, pare bat aldiz tiro egin zuen arma batekin, eta bi molotov koktel jaurti zituen.

Gizonaren emaztea Stade hirian zegoen, Hanburgotik gertu, eta aurretik Estatuko Poliziaren aurrean salatu zuen uste zuela alaba bahita egin zutela. 

Gauean zehar Hanburgoko Poliziak esan du adingabea "fisikoki ondo" zegoela eta "erasotzailearekin harreman ona" zutela. "Gurekin hitz egin nahi du, eta hasieran oso positibotzat jo genuen", nabarmendu zuen bozeramaile batek.

Pistako hegazkinetan zeuden bidaiariak handik atera eta inguruko hotel batera eraman behar izan zituzten. Poliziaren lehen ikerketen arabera, gorabehera horrek ez du kalterik eragin, ezta zauriturik ere.

Aireportua itxita egon da atzo gauetik. 286 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, eta horrek 34.500 bidaiariri eragin die. Aireportua ohiko jarduerari berriro ekiteko prestatzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Bahiketak Eguneko albisteak Albisteak Umeak albisteak gaur