Mundua -

LURRIKARA

55 pertsona hil dira Japonian, Urte Berri egunean kostaldea astindu zuen dardararen ondorioz

Biktima gehienak Suzu eta Wajima hirietan izan dira, 20na hildakorekin. Biktima kopuruak gora egingo duela uste da, behera etorri diren eraikinen azpian dozenaka gorpu egon daitezke eta.

Kalteak Kanazawan (Japonia). Argazkia: EFE
Kalteak Kanazawan (Japonia). Argazkia: EFE
Dozenaka hildako Japoniako lurrikararen ondorioz

0:44

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteberri egunean Japoniako mendebaldeko kostaldea astindu duen 7,6 graduko lurrikararen ondorioz hildakoen behin-behineko balantzea 55koa da, agintariek erreskate lanetan jarraitzen duten bitartean, kalte material handiak eragin dituen dardararen ondorioz.

Biktima gehienak Wajima (19) eta Suzu (20) hirietan, Ishikawa prefekturan, izan dira baina Nanao (5), Anamizu (2), Hakui (1) eta Shika (1) hirietan ere heriotzak erregistratu dituzte, nahiz eta eraginak Niigata, Fukui, Toyama eta Gifu prefekturetara hedatu diren, Kiodo News albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Agintariek berehala ekin diote kalteak aztertzera, baina etengabeko erreplikek (130 erreplika inguru erregistratu dira) eta hondakinek erreskate-lanak oztopatu dituzte. Dardararen ondorioz, hainbat eraikin erori dira eta eskala handiko sute bat sortu da Wajimako merkatu batetik gertu, non 200 eraikin inguru kiskali diren.

Japoniako Meteorologia Agentziak tsunamiaren abisua kendu du, "tsunami garrantzitsuaren alerta" bertan behera utzi eta ordu batzuetara, baina itsasoan kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei, litekeena baita marearen maila datozen egunetan aldatzea.

Lurrikarak garraio-sarea ere kaltetu du, eta bala-trenaren eta hegaldien linea batzuk bertan behera geratu dira. Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak "hondamendiei larrialdietan erantzuteko kuartel orokorra" deitu du bere zuzendaritzapean, eta herrialdeko segurtasun eta larrialdi indarren mobilizazioa iragarri du; aldiz, "maila oso handiko kalteak" baieztatu ditu, "giza biktima ugari, eraikinen erorketak eta suteak barne".

Kishidak adierazi duenez, erreskate operazioetan parte hartzen ari diren militarrak mila inguru dira, eta "denbora igaro ahala, hondamendiaren eragina gero eta argiagoa da". Ohartarazi duenez, "hondamendiaren biktimen bizitzak salbatzea denboraren aurkako lasterketa bat da".

Lurrikara, hamar kilometroko sakoneran hipozentroa duena, Ishikawako kostaldearen eta Niigatako prefekturaren inguruan, 08:06 eta 09:29 artean (Euskal Herriko ordutegia) izandako 20 lurrikaren kateko bortitzena izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Japonia albisteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Gaurko azken ordukoa 2024ko seismoak Asia albisteak Tsunami alerta gaur