Mundua -
Ingurumena
Bruselak laguntza eskaini du, pelletek itsasoa eta arrantza arriskuan jartzen dituztela ohartarazita
Halaber, Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisarioak adierazi du pelleten isuriarekin lotuta EBk dituen arauak eta nazioarteko erantzuna giltzarri direla etorkizunean plastikoen kutsaduraren aurka borrokatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisario Virginijus Sinkeviciusek ohartarazi du plastikozko pelleten isuriak arriskuan jartzen dituela ingurumena eta arrantza bezalako jarduera ekonomikoak. Horregatik, "hobeto nola lagundu" eztabaidatzeko gogoz agertu da.
"Hobeto nola lagun dezakegun jakiteko irrikaz gaude", nabarmendu du komisario lituaniarrak X sare sozialean argitaratu duen mezu batean.
Halaber, adierazi du pelleten isuriarekin lotuta EBk dituen arauak eta nazioarteko erantzuna giltzarri direla etorkizunean plastikoen kutsaduraren aurka borrokatzeko.
"Galiziako kostaldean isuri diren 25 pinporta tonak arrisku dira itsas ingurumenarentzat eta arrantza gisako jarduera ekonomikoentzat", esan du komisarioak.
Astelehenean, bestalde, Europako Batzordeko bozeramaile batek azpimarratu zuen nazio mailako agintariei dagokiela plastikozko pelleten isuriari berehalako erantzuna ematea, eta Brusela arduratu behar dela epe ertain eta luzeko neurriak kudeatzeaz, betiere kutsadura murriztea xede.