Mundua -

Ekialde Hurbila

Irango Guardia Iraultzaileko lau kide hil dira Israelek Sirian egindako eraso batean

Damaskoko Mezzeh auzoko lau solairuko eraikin baten aurka egin dute erasoa. Segurtasun-eremu horretan, nazioarteko hainbat egoitza diplomatiko daude, tartean Irango eta Libanoko enbaxadak, baina etxebizitzak ere badaude.

Damaskoko eraso osteko irudia. EFE.
Damaskoko eraso osteko irudia. EFE.
Damaskoko eraso osteko irudia. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost pertsona hil dira, tartean Irango Guardia Iraultzaileko lau kide, Damasko Siriako hiriburuko hego-mendebaldeko auzo bateko bizitegi-eraikin baten aurka ustez Israelek egindako aire-eraso batean.

Lau solairuko eraikin baten aurka egin dute erasoa, Mezzeh auzoan. Segurtasun-eremu horretan, nazioarteko hainbat egoitza diplomatiko daude, tartean Irango eta Libanoko enbaxadak, baina etxebizitza-eraikinak ere badaude.

Mehr Irango albiste-agentzia erdiofizialeko iturriek hasieran adierazi dute Guardia Iraultzaileko bi goi-aholkulari eta talde horretako beste bi kide hil direla ustez Israelek egindako bonbardaketa horretan.

Handik gutxira, Guardia Iraultzaileak berak baieztatu du informazioa, Tasnim albiste-agentzia erdiofizialak jaso duenez. Bertan, Israel jo dute zuzenean erantzuletzat, eta Siriako Armadako hainbat kide ere hil direla azaldu dute, kopururik zehaztu ez duten arren.

"Beste behin ere, erregimen sionista gaizto eta kriminalak Siriako hiriburua, Damasko hiria, inbaditu du, eta erregimen erasotzaile eta usurpatzaileko borrokalarien aireko erasoan, Siriako Armadako kideak eta Irango Islamiar Errepublikako lau aholkulari militar martiri egin dituzte", oharraren arabera.

Guardiako kideek urteak daramatzate Siriako Gobernuarekin lankidetzan, aholkulari gisa, herrialdeko gerra zibilean, eta behin baino gehiagotan izan dira israeldarren bonben jomuga.

Israelgo Armadak oraindik ez du gertakariari buruzko adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran bideoak Israel Siria Ekialde Hurbila