Mundua -

Gatazka diplomatikoa

Assangek 'sorginen ehiza' bertan behera uzteko eskatu dio Obamari

Scotland Yardek ukatu egin du Ekuadorreko Embaxadan sartu edo sartzeko saiakera egin izana, nahiz eta Assangek kontrakoa adierazi duen, larrialdietako atean entzun zituela esanda.

Assange, Ekuadorreko Enbaxadako balkoian egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Assanga | 'Sorginen ehiza' bertan behera uzteko eskatu dio Obamari
Assangek 'sorgin-ehiza' eteteko eskatu dio Obamari

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange WikiLeakseko sortzaileak agerraldia egin du Ekuadorreko Enbaxadako balkoian Londresen. Assangek Ekuadorrek eskainitako asiloa eskertu dio Correa presidenteari, eta bere aurka eta WikiLeaksen kontrako "sorginen ehiza" bertan behera uzteko eskatu dio Barack Obama AEBetako presidenteari. "Prentsa mehatxatu eta isilarazi nahi duten mundu batean bizi gara", esan du.

Assangek azaldu duenez, Erresuma Batuko Polizia Ekuadorreko Enbaxadan sartu zen asteazkenean baina bera atxilotzeko asmoa bertan behera utzi zuten kanpoaldean zaleak eta komunikabideak zeudelako.

"Asteazken gauean, eraikin honetan izandako mehatxuaren ostean, kanpoan gertatzen zen zaintzeko egon zineten. Barnetik Polizia entzuten nuen baina banekien ez zirela hemen sartuko, lekukoak zeudelako, mundua gu zaintzen ari zelako", azpimarratu du kazetari australiarrak. Zaleek bero txalotu dituzte Assangeren hitzak. "Eskubideak bete arte, ez utziozue zaintzeari", eskatu die.

Halaber, WikiLeakseko sortzaileak Ekuadorrek eskainitako asiloa eskertu die Correa presidenteari eta ekuadortarrei. Gainera, familiarekin "laster" bilduko dela esan die senitartekoei.

Amaitzeko, Bradley Manning AEBetako soldadua hartu du gogoan. Manning espetxean dago WikiLeaksei dokumentu sekretuak ematea leporatuta. "Manning heroia da eta eredu bat guretzako", nabarmendu du Assangek, "Manning preso politikoa da, eta berehala aske utzi behar dute".

Scotland Yarden erantzuna

Scotland Yardeko bozeramaile batek aditzera emandakoaren arabera, "Polizia ez zen embaxadan sartu, eta ez zuen sartzeko saiakerarik egin", nahiz eta Julian Assangek kontrakoa esan.

Gauzak horrela, Poliziak salatu egin du Assangen hitzak "gezurra" direla.

Garzonen agerraldia

Julian Assangekin hitz egin aurretik, Baltasar Garzon WikiLeakseko sortzailearen abokatua izan da komunikabideen aurrean. Honek azaldu duenez, Assange Suediako Justiziaren aurrean deklaratzeko prest dago baina prozesu judizialean berme minimo batzuk eskaintzen badizkiote bakarrik.

Horrez gain, Assangek beharrezko ekintzak abian jartzeko esan dio Garzón "bere eskubideak eta Wikileaksenak" aldarrikatzeko, izan ere, eskubide horiek "urratzen ari dira, bai legezkotasunaren mailan eta bai finantza-mailan".

Garzonen hitzetan, Assange "kementsu dago" eta eskerrak eman nahi dizkio Rafael Correa Ekuadorreko presidenteari, baita Ekuadorreko herritarrei ere, emandako asiloagatik.

Abokatuaren ustez, asiloak Assangeren kontrako "jazarpena" konfirmatu du, eta Wikileakseko sortzaileak "beti egin du egiaren, justiziaren eta Giza Eskubideen alde, eta jarrera horrekin jarraituko du".

Bestalde, Garzonek iragarri egin du Assange ez dela enbaxadatik aterako, baina ez duela, inola ere, jarrera pasiborik izango.

Ekainetik ezkutatuta

Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan bizi da, duela bi hilabete sartu zen bertara Suediara estradizioa saihesteko. Suedian sexu-erasoak leporatzen dizkiote.

Enbaxadan sartzean, baldintzapeko askatasuna urratu zuen, eta, ondorioz, enbaxadatik ateraz gero, Poliziak atxilotu egingo du.

Ekuadorrek "asilo diplomatikoa" eman zion ostegunean, baina Erresuma Batuak irteteko baimena ukatu dio, eta Assangek ezin du, ondorioz, aireportura joan eta Erresuma Batutik atera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea