Mundua -

GAZA ERASOPEAN

Hamasek su-etena proposatu du, baina Netanyahuk bere baldintzak errefusatu ditu

"Erabateko garaipen batek soilik emango dio segurtasuna Israeli", berretsi du Netanyahuk, eta Israelgo indarrek bahituak askatzeko lanean jarraitzen dutela ziurtatu du.

Etxeak suntsituta Al Bureijko errefuxiatu-eremuan, Gazan. Argazkia: EFE
Etxeak suntsituta Al Bureijko errefuxiatu-eremuan, Gazan. Argazkia: EFE
Etxeak suntsituta Al Bureijko errefuxiatu-eremuan, Gazan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela lau hilabete Hamasek Israelen erasoa egin eta 1.200 pertsona inguru hil ondotik, Israelgo Armadak erasoaldi gogorra abiatu zuen Gazan, eta, geroztik, gutxienez 30.000 palestinar hil dira Palestinako iturrien arabera. Azken orduetan, su-etena lortzeko mugimenduak ugaritu egin dira eta, ildo horretan, Hamasek hiru fasetako menia proposatu du. Besteak beste, bahitutakoak presoekin trukatzea, Gazaren berreraikuntza bermatzea eta soldadu israeldarrak Gazatik irtetea eskatu du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak atzo baieztatu zuen Qatarrek egindako su-eten proposamenari erantzun diola Hamasek. Netanyahuk publikoki errefusatu ditu Hamasek eskatutako baldintzak.

"Erabateko garaipen batek soilik emango dio segurtasuna Israeli", berretsi du Netanyahuk, eta Israelgo indarrek bahituak askatzeko lanean jarraitzen dutela ziurtatu du.

Era berean, talde islamista garaitu ondoren, Israelek Gazaren gaineko kontrola mantenduko duela eta "betirako desmilitarizatuta geratzea" bilatuko duela azpimarratu du.

Joe Biden AEBko presidenteak, bere aldetik, Hamasek mahai gainean jarritako "gehiegizkoa" zela adierazi zuen, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak aitortu du oraindik "lan asko" dagoela egiteko Benjamin Netanyahuren Gobernuak eta Hamas talde palestinarrak akordio berri bat adostu aurretik.

Isaac Herzog Israelgo presidentearekin izandako bileran, Blinkenek esan du Joe Bidenen Administrazioa "buru-belarri" ari dela lanean "bahituak askatzea ahalbidetuko duen" itun bat lortzeko. Horrela, Washingtonek "sakon" aztertzen ari da du Hamasek planteatutako ekimena, hiru faseko 'ibilbide-orri' bat duena, CNNk jakitera eman duenez.

Hamasen proposamena

Fase horietako bakoitza 45 egunekoa litzateke. Lehenengoan, bahitutako emakumeak, adinekoak, gaixoak eta 19 urtetik beherako haurrak preso palestinarrekin trukatzea nahiko luke Hamasek.

Halaber, Hamasek exijitu du lehen fase horretan Israelgo Aire Indarrak Gazako eremu populatuenetatik ateratzea, giza laguntza gehiago sartzea, ospitaleak eta etxebizitzak berreraikitzen hastea, eta behin-behineko kanpamentuak eraikitzea.

Era berean, Israelekin "zeharkako elkarrizketak" abiatzea proposatu du Hamasek, gerrari amaiera emateko eta "behin betiko bakea" lortzeko. Orain arte, Israelek uko egin dio baldintza horri.

Hamasek bigarren fasean bahitutako gizonezko guztiak askatuko lituzke oraindik zehaztu gabeko preso palestinarrak aske uztearen eta Israelgo Armada Gazatik erretiratzearen truke.

Hirugarren eta azken fasean, hildako bahituen eta Israelen zein Hamasen eskuetan hildakoen gorpuak trukatuko lituzkete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Palestina albisteak Ekialde Hurbila Hamas Netanyahu, Israelgo lehen ministroa