Mundua -

Gaza erasopean

Bere asmoetarako denbora irabazteko negoziazioak "gelditzea" leporatu dio Hamasek Netanyahuri

Israelen eta Hamasen arteko desadostasunak areagotu egin dira azken hilabeteotan; izan ere, Hamasentzat eskakizun "legitimoak" direnak (su-etena, laguntza humanitarioa ahalbidetzea eta tropak Gazatik ateratzea), Israelentzat eskaera "eldarniotsuak, muturrekoak eta onartezinak" dira.

Rafahn, bart, bonbardaketa baten ostean, bizirik atera diren pertsonen bila.EFE.
Rafahn, bart, bonbardaketa baten ostean, bizirik atera diren pertsonen bila.EFE.
Rafahn, bart, bonbardaketa baten ostean, bizirik atera diren pertsonen bila.EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gazako Zerrendan egindako sei hilabeteko erasoaldiak 33.000tik gora hildako, ehunka mila desplazatu, hondamendi humanitarioa eta su-etena lortzeko itxaropen gutxi utzi ditu. Bitartekariek (Egipto, Qatar eta AEB) ahalegin nekaezinak egin dituzten arren, ezin izan da su-etenik gauzatu.

Urriaren 7an Israelek Hamasi gerra deklaratu zionetik, bi aldeek astebeteko su-eten labur bat baino ez zuten hitzartu azaroaren amaieran. Orduan, Hamasek bahitutako 105 pertsona askatu zituen eta Israelek 240 preso palestinar. 

Su-eten hori hautsi egin zen, ordea, itundutakoa ez betetzea leporatu zioten elkarri, beste eragile batzuek beste etenaldi humanitario baterako eragina izateko duten ezgaitasun orokorraren eta nazioarteko komunitatearen aldarri ozenaren aurrean, besteak beste NBEren Batzar Nagusiaren ebazpenetan ere islatu den aldarria.

Azken aste hauetan akordioak lortzeko saiakera berriak egiten ari dira, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritza eta AEBren babesarekin.

Hala ere, Israelekin izandako elkarrizketak "gurpil zoroan" daudela ziurtatu du Hamasek, "Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren erruz". Osama Hamdan Hamaseko goi-kargudunaren arabera, "akordioa lortzeko oztopoak jartzen jarraitzen du eta preso hartutako israeldarrak askatzeko interesik ez du".

Hamdanen hitzetan, "leku guztietan argi geratu da bera [Netanyahu] eta bere gobernu nazia denbora irabazten eta bahituen familien haserrea xurgatzen saiatzen ari direla, negoziazioarekin jarraitzeko interes faltsua erakutsiz".

Familiares de rehenes protestan contra Netenyahu. EFE.

Hamdanen hitzetan, "Hamas malgua izan da" Kairoko negoziazioen azken txandan, eta palestinarren eskakizun "legitimoak" baino ez ditu egin, hala nola, Gazarako su-etena, laguntza humanitarioa inolako oztoporik gabe sartzea eta Israelgo Armada Gazatik ateratzea, bai eta iparraldetik joan behar izan dutenek bertara itzuli ahal izatea eta segurtasun handiko espetxeetan dauden preso palestinarrak askatzea.

Hala ere, Hamasentzat eskakizun "legitimoak" direnak, Israelentzat "eskaera eldarniotsuak, muturrekoak eta onartezinak" dira, Benjamin Netanyahuk berriki adierazi duenez.

Netanyahuren egoskortasunaren atzean, Hamasek dioenez, Gaza gaineko kanpaina militarra hasi zenean ezarritako helburuak lortzeko ezintasuna dago. "Netanyahu kriminal hori, bere gerra-gobernu nazia eta armada koldarra, Gazako hondarretan itotzen ari dira, sartu diren atakan ez aurrera ez atzera geratu dira. Ez dituzte helburuak lortu, eta ezingo dute", azpimarratu du Hamdanek, eta palestinarren "pazientzia eta erresistentzia" goraipatu ditu.

Halaber, Hamdanek ukatu egin ditu bahituek ustez jasan dituzten torturen eta bortxaketen inguruko informazioak, eta gaitzetsi egin ditu Israelgo tropek Al Shifa Ospitalearen inguruan egindako "krimen izugarriak".

"Nola liteke mundu hau, bere lege, tratatu eta justizia-sistema guztiekin, lege guztiak zapaltzen dituen eta erantzukizun ororen gainetik bezala jokatzen duen entitate zantar eta ustel batekin bizi", galdetu du Hamdanek, Al Shifako setioaren aurrean egon den "nazioartearen isiltasun ofiziala" deitoratuz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Hamas Benjamin Netanyahu