Mundua -

Gaza erasopean

Rafahren kontrako erasoak "badu data", Netanyahuren esanetan

Bi aldeak su-etena negoziatzen dabiltzan bitartean egin du iragarpena Israelgo lehen ministroak. Hamasek onartu du azken proposamena aztertzen ari dela, eta Egipto eta Qatar bitartekariak "baikorrago" azaldu dira.

Netanyahu, bere gerra kabinetearekin bilduta, igandean. EFE
Netanyahu, bere gerra kabinetearekin bilduta, igandean.
Netanyahu, bere gerra kabinetearekin bilduta, igandean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri duenez, Rafahren kontrako eraso militarrak "badu data". Rafah Gazako Zerrendako hegoaldean dago, Egiptorekin mugan, eta han daude babestuta bonbetatik ihesi joandako milioi bat palestinar. 

Sare sozialetan eskegitako bideo batean, Rafahn sartzea "derrigorrezkoa" dela defendatu du Israelgo buruzagiak, "han dauden batailoi terroristak desagerrarazteko. Gertatuko da, badu data", azpimarratu du. 

Aurretik esana zuen Israelek Palestinako hiri horren kontra egingo zuela, eta nazioartea kritiko azaldu zen. Israelen bonbek txikitu ez duten eremu bakarrenetarikoa da Rafah.

Bien bitartean, Hamasek eta Israelek su-etena negoziatzen jarraitzen dute Kairon (Egipto). Urriaren 7an Hamasek bahitutako pertsonak askatzearen truke, Tel Avivek aldi baterako su-etena ezartzea da helburua. 

"Kairoko elkarrizketen inguruko txosten zehatza jaso dut, gure helburuak lortzeko lanean ari gara, batez ere bahitutako guztiak askatzea eta Hamasen gaineko erabateko garaipena lortzea", azpimarratu du Netanyahuk. 

Hamasek argitu du Israelen azken proposamena aztertzen ari dela, eta Tel Avivi "burua lehengo lepotik edukitzea" egotzi dio. 

Egipto eta Qatar bitartekari lanak egiten ari dira. Hain justu, hartu-emanez galdetuta, Majed al Ansari Qatarko Atzerri ministroak aitortu du "baikorragoa" dela. Horren esanetan, AEBn presioa "erabakigarria izango da elkarrizketak arrakastatsu izateko", baina ez du bestelako argibiderik eman. 

Giza laguntzako 400 kamioi sartu ziren Gazako Zerrendan, gerra hasi zenetik kopururik handiena, Israelen arabera. Urria baino lehen, 500 bat kamioi sartzen ziren egunero Palestinako eremu horretan, eta argindarra eta txorrotako ura bermatuta zeuden. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Qatar Ekialde Hurbileko albisteak Hamas Benjamin Netanyahu