Mundua -

Afrika

Sudango gerrak urtebete egin du, 25 milioi pertsona krisi humanitario latzean utzita

Sudango Armadaren eta RSF talde paramilitarraren arteko eskala handiko borrokek ez dute etenik, eta gerraren amaierak urrun dirudi. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, "azken hamarkadetako krisirik larriena da Sudangoa" eta nazioarteari "beste alde batera begiratzeri uzteko" eskatu diote.

Sudango errefuxiatuak Txaden, ur edangarriaren zain. EFE
Sudango errefuxiatuak Txaden, ur edangarriaren zain.
Sudango errefuxiatuak Txaden, ur edangarriaren zain. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete da Sudango Armadaren eta Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF ingelesezko siglengatik) talde paramilitarraren arteko eskala handiko borrokak lehertu zirela. 12 hilabete hauetan izandako liskar odoltsuek 25 milioi pertsona, biztanleriaren ia erdia, krisi humanitario larrian utzi dituzte. Ez du ematen, gainera, aldeen arteko negoziazioek gatazkari konponbidea emango diotenik, ez behintzat epe laburrean. 

Gatazka 2023ko apirilaren 15ean lehertu zen, Armadaren eta talde paramilitarraren arteko tirabirak are gehiago tenkatu zirenean. Bien arteko botere lehia dago oinarrian, 2019tik Omar Hasan al Bashirren erregimena bertan behera geratu zenetik pil-pilean dagoena. Presidente ohi islamistak sortu zuen, hain justu, RSF talde paramilitarra, eta Mohamed Hamdan Dagalo 'Hemedti' du buru. 2022ko abenduan sinatutako akordioaren arabera, talde paramilitarra Indar Armatuen baitan sartu behar zen, baina Abdelfata al Burhan Sudango Kontseilu Subiranoaren presidentearen (matxinadaren osteko gobernu-organo gorena) eta Hemedtiren arteko elkarrizketek kale egin zuten, tentsioak gora egin zuen, eta bi aldeen arteko gatazka piztu zen. 

Konponbiderako aukera gutxi

Bi aldeak hurbiltzeko lanetan ibili da nazioartea, tartean AEB eta Saudi Arabia, baina muturrekoak dira oraindik Armadaren eta RSF taldearen jarrerak. Laguntza humanitarioa heltzeko konpromiso minimo batzuk ere ez dituzte adostu, eta horrek are gehiago zaildu du egoera. 

Hala, ez du ematen gerraren amaiera gertu dagoenik. Al Burhan eta Hemedti buruzagiek, biek, eman diote lehentasuna bide militarrari. Armadako buruak berriki nabarmendu duenez, indar armatuek erasoei eutsiko diete Sudango lurralde guztiak "kontrolpean" hartu arte. Diotenez, ez dute boterea "traidoreen esku" utziko. 

10 milioi pertsona gerratik ihesi

Gerratik ihesi, 10 milioi pertsona baino gehiago desplazatu dira —8,5 milioi herrialdean barrena eta 1,8 milioi eskualdeko beste herrialde batzuetan—. ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisariotzaren arabera, Sudan eta herrialde mugakideak "inoizko desplazamendu krisi handi eta konplexuenean murgilduta daude".  

NBE Emakumearen arabera, "andrazkoek eta haurrek pairatzen duten krisiaren latzena". 19 milioi eskola umeri ez zaie hezkuntza eskubidea bermatzen ari, eta ehunka txosten daude emakumeek jasandako sexu indarkeriaren inguruan (izozmendiaren punta baino ez dira txostenok, erakundearen arabera). 

Sudango emakume bat Txaden arta jasotzen. Argazkia: EFE

Ildo beretik, John Makoni Wold Vision gobernuz kanpoko erakundearen zuzendariak adierazi duenez, "ziurrena gaur-gaurkoz, Sudan da haur bat bizitzeko munduan dagoen lekurik okerrena. Gerra pairatzen ari den ume kopuruagatik ez ezik, dituzten erronka fisiko eta emozionalen tamainagatik ere. Haurrak goseak eta tratu txarrak jota daude, eta traumatizatuta, euren begiokin ikusten ari direnarekin". 

Etsipen horren lekuko, herrialdetik ihesi doazen milaka eta milaka pertsonen exodoa. Adibidez, egunero batez beste 1.800 pertsona heltzen dira Hego Sudanera. Txadek  "inoizko errefuxiatu gehien jaso ditu". Gainezka daude egoerak behartuta bat-batean sortutako errefuxiatu eremuak. Afrika Erdiko Errepublikara, Egiptora eta Etiopiara ere joan dira sudandarrak.

Herrialdeok ez daude prestatuta hainbeste laguni harrera egiteko, eta nazioarteak ohartarazi duenez, lagundu ezean, eskualdeko egoera are gehiago gaiztotu daiteke. 

Laguntza humanitarioa eta "beste leku batera begiratzen uztea" eskatu dute

Dena dela, krisirik sakonena Sudanen bertan dute. Cindy McCain Elikagaien Nazioarteko Programako zuzendariak ohartarazi zuenez, "munduko gosete krisi handienaren atarian dago" herrialdea. Horren hitzetan, "milioika bizitza eta eskualdearen bakea eta egonkortasuna jokoan daude". 

Mugarik gabeko Medikuen arabera, "azken hamarkadetako munduko krisi okerrena da Sudangoa. Hondamendi ikaragarria gerta liteke". Hala, azpimarratu du laguntza humanitarioa "berehala" heldu behar dela, milioika pertsona "hil ala bizi" daudelako. 

Azkenik, Will Carter Errefuxiatuentzako Kontseilu Norvegiarra gobernuz kanpoko erakundeak Sudanen duen zuzendariak nabarmendu duenez, "urtebete da gerra piztu zenetik Sudanen. Zibilek gosea, sexu indarkeria, hilketa etnikoak eta exekuzioak jasaten dituzte egunero, eta bien bitartean mundua ez ikusiarena ari da egiten". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Indarkeria matxista Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak