Mundua -

ARAUDI BERRIA

Matxuratutako produktuak konpontzeko eskubidea zorroztu egin du Europako Parlamentuak

Berria erosi ordez, zaharra konpondu. Hori da arauaren helburua. Ez da arau berria, baina gaurtik zabaldu egin da betebeharren zerrenda. Besteak beste, saltzaileak behartuta egongo dira matxuratutako produktu bat konpontzera, hori egitea berria erostea baino merkeagoa bada.

Sukaldeko etxetresnak. Argazkia: Pixabay
Sukaldeko etxetresnak
Sukaldeko etxetresnak. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaileek produktuak konpontzeko duten eskubidea zabaltzea eta indartzea onartu du gaur Europako Parlamentuak. Helburua da matxuratutako gailuen (etxetresnak, sakelako telefonoak...) bizitza luzatzea, eta horretarako,  besteak beste, fabrikatzaileei  zorroztu egingo zaie araua. 584 europarlamentarik alde bozkatu dute, 3k aurka eta 14 abstenitu egin dira.

Araudiaren arabera, hemendik aurrera, saltzaileak behartuta egongo dira matxuratutako produktu bat konpontzera, hori egitea berria erostea baino merkeagoa den kasuetan. Halaber, produktua saltzerakoan konpontzeko eskubideari buruzko informazioa helarazi beharko zaie beti kontsumitzaileei. Horrez gain, konpondutako gailuen garantia urtebete luzatu ahalko da.

Gainera, Euroganberak jakitera eman duenez, legezko garantia iraungita dagoenean ere, fabrikatzaileek nahitaez konpondu beharko dituzte matxuratutako produktuak, kontsumitzaileak hala eskatzen dionean eta teknikoki posible denean. 

Bestalde, matxuratutako produktua konponketa fasean dagoen bitartean, bezeroak eskubidea izango du ordezko gailu bat eskatzeko. Konponketa ezinezkoa denean, berriz, berregokitutako gailu bat eskatzeko eskubidea ere izango du.

Berria erosi ordez, zaharra konpondu. Hori da arauaren helburua, eta horretarako, konponketa-merkatua indartzea nahi du Europak. Ordezko piezak eskuragarriago jarri beharko dituzte aurrerantzean ekoizleek.

Behin araudia Europar Batasuneko aldizkari ofizialen argiratzen denetik, estatukideek 24 hilabeteko epea izango dute testua euren legedietara egokitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Europako Parlamentua Birziklatzea