Mundua -

Eslovakia

Hilketa saiakera leporatu diote Eslovakiako lehen ministroari tiro egiteagatik atxilotutako gizonari

Juraj Cintula 71 urteko idazle eslovakiarrari 25 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete. Eslovakiako Idazleen Elkarteko kide ez ezik, literatura talde baten sortzailea ere bada. Eslovakiako Gobernuak "otso bakarti" bati egotzi dio erasoa, eta motibazio politikoa berretsi du.

Eslovakiako lehen ministroa tirokatu zuten tokia. Argazkia: EFE
Eslovakiako lehen ministroa tirokatu zuten tokia
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa tiroz zauritu dute

0:44

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eslovakiako agintariek hilketa saiakera leporatu diote Robert Fico lehen ministroari tiro egin ziolakoan atxilotutako gizonari. Gobernuburuak ospitalean jarraitzen du, "larri, baina egonkor".

Gaur goizean Poliziak karguak aurkeztu ditu Juraj Cintula 71 urteko idazlearen aurka, eta 25 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete. 2015etik, Eslovakiako Idazleen Elkarteko kidea da, eta literatura talde baten sortzailea ere bada.

Markiza TV Eslovakiako telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera, Gobernuaren politika eskuindarrengatik egin zion eraso. Itxuraz, erasoa egun batzuk lehenago planifikatu zuela adierazi dio Poliziari, baina ukatu egin du Fico hiltzeko asmoa zuela.

"Zauri larriak" izan arren, Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa "onik" aterako dela adierazi du Tomas Taraba herrialdeko lehen ministro ordeak. Bart ebakuntza luzea egin diote eta "arriskutik kanpo" dago. Ospitaleko iturriek gaur goizean adierazi dutenez, Eslovakiako lehen ministroa egoera larrian dago, baina egonkor.

"Otso bakartia"

Eslovakiako Gobernuak baieztatu du erasotzailea "otso bakartia" zela eta ez zela talde bateko kide, nahiz eta agintariek ez duten aintzat hartzen motibazio politikoa ez den beste hipotesirik.

"Poliziak erasoaren bertsio batekin soilik egiten du lan", esan du Matus Sutaj Estok Barne ministroak. Agintariek ez dute zehaztu zein izan den erasoaren eragilea edo Juraj Cintula susmagarriaren motibazioa.

Ministroak baieztatu du ustezko tiratzaileak Gobernuaren aurkako protestetan parte hartu zuela, eta sare sozialetan jasotako babes publikoak aztertzen ari direla azaldu du. Zehazki, Poliziak delitu izan daitezkeen 30 mezu baino gehiago atzeman ditu, telebista publikoak jakinarazi duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Batasun europarra Zer ari da gertatzen Europan? Atentatuak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Eslovakia azken ordukoa