Mundua -

Venezuelako hauteskundeak

Hugo Chavez, berriz presidente

Henrique Capriles oposizioko hautagaiak Chavezen garaipena aitortu du, eta "guztiontzat gobernatzea" eskatu dio.

Hugo Chavez, garaipena ospatzen Mirafloresko Jauregian. EFE
Hugo Chavez, garaipena ospatzen Mirafloresko Jauregian. EFE
Hugo Chavezek irabazi ditu hauteskundeak, Venezuelan

01:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak irabazi ditu Presidentziarako hauteskundeak, eta, horrenbestez, 2019 urtea arte jarraituko du agintean, Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNE) jakinarazi duenez.

Chavezek botoen % 54,42 lortu ditu, 7.444.082 guztira, eta oposizioko buruak, Henrique Caprilesek, % 44,97 (6.151.544). Lehia estua izango zela zirudien arren, azkenean presidenteak 10 puntuko aldea eskuratu du.

Venezuelako presidenteak laugarrenez irabazi ditu hauteskundeak, eta 2019an 20 urte beteko ditu agintean.

CNEren arabera, parte-hartzea inoizko handiena izan da: % 80,94.

Chavezek "osasuna" eskatu du

Hauteskundeen emaitzak ezagutu eta gero, Hugo Chavezek agerraldia egin du Mirafloresko Jauregiko balkoian, milaka jarraitzaileren aurrean. Bertatik, "bizia eta osasuna" eskatu dizkio Jainkoari.

"Egun gogoangarria izan da. Horregatik, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi dizkizuet, eta bizia eta osasuna ematea eskatzen diot Jainkoari", adierazi du.

Presidenteak zoriondu egin du Capriles, "egia aitortzeagatik", eta "eztabaidatzeko eta batera lan egiteko" deia egin dio.

"Oposizioko buruak zoriondu nahi ditut, egia aitortu dutelako, herriaren garaipena aitortu dutelako", esan du Chavezek.

Caprilesek aitortu egin du porrota

Henrique Caprilesek aitortu egin du Chavezen garaipena, eta "herritar guztientzat" gobernatzea eskatu dio.

"Irabazten jakiteko, galtzen jakin behar da. Niretzat, herriaren borondatea sakratua da, eta herritarrek eskatzen dutenaren aurkako zerbait egitea ez zait inoiz burutik pasatu", adierazi du, prentsaurrekoan.

Oposizioko buruak jasotako babesa eskertu du: "Gaur ez dugu Presidentzia lortu, baina sei milioitik gora herritarren konpromisoa eta maitasuna lortu ditugu".

Mirandako gobernadore ohiak "galtzaile ez sentitzea" eskatu die zaleei: "Hauteskunde kanpainan hazi asko landatu ditugu, eta badakit fruitu onak emango dituzten zuhaitz asko haziko direla".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea