Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Demokrazia

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Demokrazia botoa ematea eta erabakiak hartzea da, baina hori egiteko ez dago modu bakarra.

Baten batek galdetuko baligu demokrazia zer den seguruenera bakoitzak erantzun ezberdina emango geniokeela galderari, baina gehienok esango genuke herriak edo herritarrek erabakiak hartzen dituzten sistema dela eta sistema horretan "pertsona bakoitzak boto bat duela", hor dagoela oinarria eta muina. Baina gure demokraziak aztertuko bagenitu ohartuko ginateke ezta bakar batean ere ez dela arau hori betetzen. Urrutiago joan gabe, Euskal Herrian bertan, Gasteizko parlamentuan arabar baten botoak bi gipuzkoar edo lau bizkaitarrena balio du, lurralde bakoitzean 25 ordezkari aukeratzen dira eta biztanle kopurua ezberdina da. Estatu Espainiarrean parlamentari bat lortzeko Sorian 20.000 boto behar dituzu, Madrilen aldiz 100 milatik gora. Frantzian kontua korapilatsuagoa da, han barruti bakoitzean ordezkari bat aukeratzen dute eta horretarako hautagaiak erabateko gehiengoa lortu behar du, lehen botazioan edo bigarren itzulian, lehenak eskuratzen du ordezkaritza eta beste boto guztiak ezer gabe geratzen dira, ondorioz, gerta liteke alderdi batek 5 miloi boto eskuratu ondoren, ordezkari bakarra ez izatea Asanblada Nazionalean. Israelen, berriz, juxtu kontrakoa gertatzen da, han erabat proportzionala da ordezkaritza, ondorioz, alderdi asko sartzen dira parlamentuan, baina horrek benetan zaila bihurtzen du akordioak lortu eta gobernatzea...

Hauteskunde sistemek garrantzi handia dute herrien bilakaeran, asko baldintzatzen dutelako etorkizun hori bai onerako, baita txarrerako ere. Baina sistema horiek ez dituzte kasualitatez aukeratzen, herrien historiaren ondorio dira. Alemanian, esate baterako, gerra ondorengo sistemak gerra aurretik, Weimarren Errepublika garaian gertatutakoa galarazi nahi du. Parlamentua erabat zatitu zen, ez zegoen aginte indartsurik eta horrek erraztu egin zuen Hitlerren garaipena. Estatu Batuetan Ordezkarien Ganbaran estatuetako biztanle kopurua kontutan hartzen dute ordezkariak finkatzeko, baina Senatuan estatu bakoitzak bi ordezkari ditu biztanle kopuru hori kontutan hartu gabe, era horretan, estatu guztiei garrantzi bera eman nahi zaie. Espainian Franco hil ondoren, egonkortasuna zen kezka nagusia eta horregatik asmatu zuten sistema hori, gehiengoak sortu eta gobernu indartsuak izan zitezen, Errepublika garaian gertatu zena gogoan zutelako…

Demokrazia botoa ematea da eta erabakiak hartzea, baina hori egiteko ez dago modu bakarra. Demokrazietan 3 dira botereak: legegilea edo parlamentua, exekutiboa edo gobernua, eta judiziala. Lehendabizikoa guztion artean aukeratzen dugu, bigarrena parlamentuaren gehiengoak izendatzen du, baina judiziala aukeratzeko bide bat baino gehiago dago. Batzuk diote gobernuak izendatu behar dituela justizia erakunde goreneko ordezkariak, Epaitegi Gorenekoak edo Aginte Judizialeko Kontseilu Goreneko kideak, berak duelako horretarako eskumena. Beste batzuk parlamentuaren eginkizuna dela, herritarren zuzeneko ordezkariak elkartzen direlako bertan, baina horren aurka direnek diote era horretan Goi Erakunde horiek erabat kutsatuta geratzen direla, epaile horiek izendatu dituzten alderdien alde jokatuko dutelako. Beste bidea, epaileek beraiek aukeratzeak, eztabaida handia sortzen du, inork aukeratu gabe botere izugarria izango luketelako…

Gure gizartea antolatu eta hartu emanak finkatzeko arauak jartzen dituztenak beti dira kritiken helburu. Sistema oro inperfektua da, beti dago erabaki bat baino gehiago, pertsona guztiak ordezkatu daitezke… gizakiak besterik ez gara.