Itxi

X-mikelayestaran-X

Iruzkina

Netanyahu bai, Netanyahu ez

Mikel Ayestaran | Jerusalem

Mikel Ayestaran | Jerusalem

Hauteskundeak galdu arren, Likudeko buruzagia lehen ministroa izan daiteke muturreko alderdi abertzaleen eta erlijiosoen babesari esker.

Inkestek bizkarra eman diote Benyamin Netanyahuri. Isaac Herzogek osatu duen Sionisten Batasuna da faborito nagusia gaurko bozetan. 54 urteko abokatuak ez du zerikusirik Netanyahuren izaerarekin eta palestinarrekin hitz egin nahi du berriz Israelek atzerrian duen itxura hobetzeko. Goizeko 07:00etan ireki dituzte ateak hauteslekuak eta 22:00ak arte irekita izango dira.

Hauteskundeak galdu arren, Likudeko buruzagia lehen ministroa izan daiteke muturreko alderdi abertzaleen eta erlijiosoen babesari esker.  61 eserleku behar dira Gobernua osatzeko eta hori izan da Netanyahuren helburu bakarra hauteskunde kanpainan zehar. Horretarako ikaragarri gogortu du estrategia azken egunotan, eta Likud alderdia kolonoen alderdia bihurtu da. Buruzagi kontserbadoreak botereari eusten badio, garbi utzi du ez dela Estatu palestinarrik sortuko eta ez dituela Zisjordanian dauden asentamendu juduak desegingo.

400.000 kolono bizi dira Zisjordanian nazioarteko legaltasunetik kanpo dauden 100 asentamenduetan. Kanpainan zehar Isaac Herzogek bere plana kaleratu du. Laboristen buruak asentamendu handienak anexionatu nahi ditu, baina txikiei buruz negoziatzeko prest azaldu da.  Hau da ezberdintasun garrantzitsuena Likud eta Sionisten Batasunaren artean.

Likuden bigarren tokia ez da ezusteko bakarra.  Arabiarrek  bat egin dute lehen aldiz, eta herrialdeko hirugarren indarra izan daitezke. Herrialdeko gutxiengo nagusia osatzen dute eta bigarren mailako biztanleak sentitzen dira Estatu juduan.

22:00etan itxiko dira boto-kutxak eta berehala hasiko da kontaketa. Emaitzak kaleratu ondoren Gobernu berria osatzeko epea irekiko da eta litekeena da Israelek historian izan duen gobernurik erradikalena osatzea.