Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Beltzak eta zuriak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

50ko eta 60ko hamarkadak bereziki gogorrak izan ziren Estatu Batuetako hegoaldeko beltzentzat.

Egun hauetan gure artean dabil Angela Davis, Estatu Batuetan beltzen eskubideen alde borroka gogorra egin duen emakumea. Davis 1944an jaio zen eta Jim Crow izeneko legeen eragina bere buruan eta familian pairatu zuen. Lege hauek honakoa diote, gutxi gorabehera: ·zuriak eta beltzak berdinak gara, eskubide berdinak ditugu, baina bereizita bizi gaitezen·. Bereizketa beltzen kasuan bazterketa eta zapalkuntza bihurtu zen; ezin zituzten erabili zurien eskolak, dendak, tabernak, komunak eta garraioak. Estatu Batuetako hegoaldeko estatuetan egoera horrek luze iraun zuen.

Bigarren Mundu Gerran milaka izan ziren Estatu Batuetako armadan borrokan egin eta hildako soldadu beltzak. Gerra hartan aliatuek nazismoaren aurka eta askatasunaren alde egin zuten borroka, baina Estatu Batuetara itzuli zirenean, beltz askok ez zuten ez askatasunik, ez demokraziarik izan.

50ko eta 60ko hamarkadak bereziki gogorrak izan ziren Estatu Batuetako hegoaldeko beltzentzat. Eskubideak bazituzten, baina zuriek ez zieten eskubide horiek erabiltzen uzten ( boto eskubidea, esate baterako) eta jartzen zizkieten trabak gaindiezinak izaten zirelako. Beltzen eskolak, etxeak, lanak … okerrenak ziren eta beraien kontrako erasoak eguneroko kontua zen urte haietan.

60ko hamarkadan egoera aldatzen hasi zen; Malcom X, Martin Luther King, Pantera Beltzak edo Angela Davisen lana eta borrokari esker, bazterketa basatiena behintzat gainditzen hasi ziren.

Debekatuta zeuzkaten lekuetan sartu eta guneak erabiltzen hasi ziren. Apurka apurka, bazirudien urtetako ametsa betetzen has zitekeela, Pantera Beltzek aldarrikatutako 10 ataleko adierazpena egi bihurtuko zela, beltzek eskola duinak, lan egokiak, osasun sare zabala eta doakoa izango zutela, bigarren mailako herritarrak izateari utziko ziotela …

Iaz bertako erakundeek zabaldutako datuen arabera, Estatu Batuek 320 miloi biztanle dituzte, beltzak %12 dira, 40 miloi inguru. Estatu Batuetako espetxeetan 2 miloi preso daude, erdia beltzak dira. Beltzak, batez beste, zuriak baino 6 urte gutxiago bizi dira, langabezia 4 bider handiagoa da beltzen artean eta pobrezia egoeran diren hiru estatubatuarretatik bat beltza da. Abortuen % 37 emakume beltzek egiten dituzte, % 13 besterik ez izan arren ,eta urtero hies gaitza harrapatzen duten pertsonen % 65 beltzak dira.