Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Zailtasunak Hollanderentzat

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Frantziako presidenteak onartu asmo duen Konstituzioaren erreformak lehen oztopoak izan ditu. Hori gutxi balitz, bi ministrok dimisioa eman dute berriki.

Hollande presidente frantsesak proposatu duen Konstituzioaren erreformak ez du bide erraza izango. Erreforma horren bitartez, orain indarrean dagoen moduko "larrialdi egoera" sartu nahi du Konstituzioan; eta aldi berean, bi naziotasun izan eta atentatuak egiten dituztenei, frantziar nazionalitatea kentzea proposatu du. Atzo, lehen bozketa gainditu zuen erreformak Asanblea Nazionalean, baina hamar diputatu sozialistetatik lauk kontra bozkatu edo abstentziora jo zuten. Senatuak eman behar dio orain argi berdea, eta, ondoren, Asanblea Nazionala eta Senatuaren arteko batzar bateratu batean, hautetsien hiru bostenak onartu beharko luke (atzoko emaitzekin, babes hori ez litzake lortuko).

Gainera, Hollandek arazoak ditu bere gobernuarekin. Christiane Taubira Justizia ministroak dimisioa eman du ez dagoelako konstituzio erreforma horrekin ados. Laurent Fabius atzerri ministroak ere gobernua utziko duela iragarri du, Siria eta Iranen kontra berak sustatu duen politikak porrot egin ondoren. Fabiusek Assad presidente siriarra gobernutik bota nahi zuen, eta Siriako gerran Frantziak esku-hartze handiagoa izan behar zuela defendatu izan du. Baina, lortu duen emaitza, nahi zuenaren kontrakoa izan da, eta Frantzia jihadistek jomuga bihurtu du.