Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Nahi eta ezin

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Errusiarrak, Sobiet Batasuna sortu zutenean Erdi Arotik XX. mendera urte gutxitan igarotzeko ahalegina egin zuten. Bizi zuten infernutik irten eta zerua lortuko zutela agindu zieten.

"Erantzunak lortu genituenean, galderak aldatu zizkiguten". Hego Amerikako kale batean baten batek idatzi zituen hitz hauek egoera askotarako balio dute seguruenera, baina azken hilabete eta urtetan gertatutakoa ikusita badirudi errusiarrek sarri esango diotela bere buruari antzerako zerbait.

Errusiarrak, Sobiet Batasuna sortu zutenean Erdi Arotik XX. mendera urte gutxitan igarotzeko ahalegina egin zuten. Bizi zuten infernutik irten eta zerua lortuko zutela agindu zieten. Ez zuten sinetsi, baina ez zeukaten aukera hoberik.

Handitu, hedatu eta suspertu egin zen gero herri zabal hura, baina bidea

bat-batean eten eta gorriak ikusi zituzten Bigarren Mundu Gerran. Ondoren, aurrera egitea lortu zuten eta Estatu Batuekiko lehian munduko lehen potentzia izatera ere iritsi ziren. Baina, orduan ere, gailurra ukitu orduko gainbehera etorri zen, motela hasieran, beldurgarria ondoren.

Sobiet Batasuna desegin eta berriro Errusia bihurtu zenean, gizakiak ezagutu duen krisi ekonomiko larriena pairatu behar izan zuten, 1930eko depresioa txiki utzi zuen beheraldia.

Handik nolabait atera ziren, bazirudien Vladimir Putin presidenteak mende bat lehenago Alderdi Komunistak agindutako paradisura eramango zituela, baina petrolioa eta lehengaien prezioa goitik behera erori ondoren, berriro ohartu dira biluzik daudela, ustezko babesak eta segurtasunak berriro huts egin diela.

Esan ohi da errusiarrek sufritzeko ahalmen handia dutela, gutxi behar dutela bizitzeko eta horrenbeste zailtasun eta eragozpen jasan ondoren hobeto prestatuta daudela kolpeei erantzun eta zorigaitzak saihesteko.

2000. urtetik aurrera urte oparoak izan zituzten errusiarrek, 50 miloi pobrezia egoeratik irten eta klase ertaina bihurtu ziren, leku guztietan turista errusiarrak ikus zitezkeen, Errusia eta aberastasuna lotu egin genituen ondorioz. Baina , errusiarrek bazekiten hori ez zela benetakoa, eta bazekiten eurena ez zela demokrazia osoa, eta bazekiten berandu baino lehenago etorkizun bikaina agindu zieten haiek ahaztu egingo zituztela esandakoak.

Errusian esaera zahar egokiak dituzte direna eta izan direna adierazteko, eta esaera horiek orain dela 500 urte eta gaur egun baliagarriak zaizkie. "Boteretsuek demandan egiten dutenean beti herriak ordaintzen du". "Gosea dagoenean apaizek ere lapurretan egiten dute". Eta mendetan erabili dutena "Erortzea zilegi da, jaikitzea derrigorrezkoa".