Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Historia beltzak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gizakiok guztia gara, miresgarriena eta beldurgarriena egiteko gai, besteak beste, guk erabaki dugulako zer den zuzena eta zer onartezina.

Gizakia gizaki denetik eta izate horretaz hausnarketa egiteko gai denetik, ona eta txarra,  zintzoa eta gaiztoa, zuzena eta okerraren arteko lehia izan du gogoan. Behin eta berriz bere buruari galdetu izan dio benetan zer den, zer garen, zintzoak ala gaizto zital batzuk. Biblian azaltzen zaigun lehen zalantza, lehen aukera, horixe da.

Jainkoak nahi zuten arbolako fruituak hartzeko baimena eman zien Adan eta Evari, baina bakar bateko fruta debekatu zien, hura jaten zuena gai izango zelako ona eta txarraren artean bereizteko. Jan zuten eta harrezkero ez dugu erabaki gugan zer den nagusi.

Afrikan azken 60 urtetan gertatutakoek agian zertxobait argitu lezakete benetan zer dagoen gizakion muinean. Afrika mendeetan zurien eskutan izan da, bertako biztanleak esklabo bihurtu zituzten, arima izatea bera ukatu zieten. Erregeek, militar buruek eta merkatariek nahi izan zutena egin zuten Kontinente Beltza deitutako honetan. 1885an, Berlingo Konferentzian Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak, garai hartako potentzia indartsuenek Afrika banatu egin zuten, 30 miloi kilometro koadro dituen kontinente honetan inor bizi ez bailitzan eta bertakoa zenbatu, moztu eta trukatu daitekeena balitz bezala.

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Afrikarrak zerbait bazirela aldarrikatzen hasi ziren, lehendabizi pertsonak, gero beste edozeinek dituen eskubideak eskatu zituzten eta azkenean gai izan ziren mendetako kolonialistak bota eta euren etxea antolatzen hasteko.

Eta urte horietan azaltzen zaizkigu Jomo Kenyatta Keniako lehen presidentea, Patrice Lumumba Kongokoa, Robert Mugabe Zimbabwekoa edo Eduardo Dos Santos Angolarra. Benetako heroiak izan ziren, euren herrien alde kolonialismoaren aurka borroka egin zuten.

Batzuk borroka horretan edo agintera iritsi eta berehala hil ziren edo hil zituzten, hauek historia liburuetan salbatzaile eta aitzindari dira, herriaren dohain guztien adierazle. Beraiek jaso dute ohorea, eta oroimena lortu. Beste batzuk berriz aginteari eutsi diote eta luze iraun dute bertan. Gadafi, Mobutu, Mugabe edo Dos Santos aipatzea nahikoa da ohartzeko zertan bihurtu ziren garai bateko heroiak, diktadore gogorrak, lapur ustelak, miseria guztien adierazle eta eragile … Zintzoak eta gaiztoak izan dira, ausartak eta koldarrenak, onenak eta txarrenak.

Galdera batzuk ez dute erantzunik eta erantzuna lortu dugula iruditzen zaigunean berriro datorkigu zalantza. Seguruenera, Bibliaren lehen kezka hura ez dugulako sekula konponduko, konponezina delako. Gizakiok guztia gara, miresgarriena eta beldurgarriena egiteko gai, besteak beste, guk erabaki dugulako zer den zuzena eta zer onartezina.