Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Irabazi eta galdu

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gerra egiteko moduaz gain, gerra aurrekoak eta ondorengoak ere aldatu omen dira eta gaur egun ezinezkoa omen da egiaztatzea noiz amaitu den gerra edo zeinek irabazi duen.

Aspaldi esan ziguten gerra egiteko era aldatu egin dela, gaur egun zaila izango dela bi armada aurrez aurre ikustea, Von Clausewitzen estrategia-arauak gauzatu nahian. Gerra egiteko moduaz gain, gerra aurrekoak eta ondorengoak ere aldatu omen dira eta gaur egun ezinezkoa omen da egiaztatzea noiz amaitu den gerra edo zeinek irabazi duen.

XXI. mendeari 2001eko atentatuek eman zioten hasiera, handik aurrera zehatzezina den etsaiaren atzetik gabiltza. Afganistanen sartu ginen ,baina ez dakigu talibanak menderatu ote ditugun, hala ezer lortu gabe atera beharko dugun bertatik. Irakera ere joan ginen, eta piztu genuen gerra ez da amaitu eta inguruko herrialdetara zabaldu da.

Baina armen bidezko enfrentamenduak zertan diren neurtu litezke, besterik ez bada tiro eta leherketen hotsen bitartez, beste borroka batzuen egoera neurtzea askoz ere zailagoa da. Estatu Islamikoaren aurka edo muturreko talde musulmanen kontrako borroka antolatu eta prestatzerakoan, behin eta berriz entzuten dugu indarkeria gauza bat dela, baina batez ere beraien aurka duguna beraien ideologia dela, ezin dugula onartu Erdi Aroko gizartera itzultzea. Mendebaldeko gizarteak egindako iraultzak, emandako aurrerapausoak, izandako lorpenak ezin ditugula alde batera utzi eta hor ez dugula amore emango, hori defendatzen ari garela, gure kultura eta zibilizazioaren alde egiten dugula borroka.

Mendebaldeak eta Iranek, urtetako negoziazioen ondoren, Teheranek garatutako programa nuklearrari buruzko akordioa lortu zuten.Hitzarmena sinatu ondoren, Iran zerrenda beltz guztietatik atera genuen eta Nazio Batuek Iranen aurkako zigorrak bertan behera utzi zituzten: ondorioz, ateak ireki genizkien Iranekiko harremanei, batez ere, hartu-eman ekonomikoei.

Aro berriari hasiera emateko, Hasan Rouhani Irango presidentea Europako zenbait herrialdetan izan da eta bidai horretan berriro sartu zaizkigu gure borrokekiko zalantzak. Italian Rouhanik bisitatu beharreko leku guztietan biluzik zeuden irudi eta estatuak kendu edo estali egin zituzten. Frantzian bi presidenteek egin beharreko bazkaria bertan behera utzi zuten, presidente irandarrak bere mahaian ardoa izan ez zezan, alkohola gertu ikusi ez zezan.  Air France konpainiak, Iranera iristen diren hegazkinetan doazen tripulazioko emakumeak burua estaltzera behartuko ditu eta jantzi egokiak,ez ohikoak janztera … Ez dakigu jokaera hauen benetako eragilea eta helburua zein den.Bestearekiko errespetua? Ohitura arrotzei begirunea erakusteko borondatea? … ala negozioa egiteko aukera emango digunaren aldeko jarrera lortzea, horretarako gure mendetako lorpenak ate ostean utzi behar baditugu ere?