Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Zilegitasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Asko dira erregeak eta erreginak alferrikakoak direla uste dutenak, baina erregeak gizakiaren antolaketa bezain zaharrak dira.

Ez dakigu Munduko lehen erregea zein izan zen eta non bizi izan zen. Historiagileek diote gaur egungo Iraken zegoen Uruk hirikoak izan zirela lehen erregeak, orain dela zapi mila bat urte.

Danimarkako erregeek eta erreginek diote bikingoen zuzeneko oinordekoak direla eta Europako monarkia zaharrena direla. Munduan zehar, aldiz, asko dira erregeak edo erregeen parekoak izendatzeko deiturak …

Baina, gaur egun, asko dira erregeak eta erreginak alferrikakoak direla uste dutenak, gaur egungo gizarteetan ez dutela lekurik horrelako irudiek eta pertsonaiek. Baina, erregeak gizakiaren antolaketa bezain zaharrak dira.

Erregea talde burua zen, bere zilegitasuna armen bidez edo jainkoarengandik zuzenean jasotakoa izan zitekeen, baina horrek ez zuen horrenbeste axola. Erregeak agintea izan behar zuen, legea ezarri eta zuzeneko oinordekotza eduki, bera hil ondoren taldea edo erresuma desegin eta sakabanatu ez zedin. Oinordekotza arauak ere, zehatzak ziren, normalean semeei, gizonei zegokien aitaren lekua, eta hauen faltan familiako beste gizon bat. Mendetan zehar erregeak botere guztia izan du, berak pilatzen zituen eskumenak eta agintzeko tresnak, sarri jainkotzat hartu izan dira edo jainkoen seme-alabatzat.

Denborak, hala ere, guztia aldatzen du, baita arauak eta ohiturak ere. Gizarteak garatu ahala erregeek eta erreginek zilegitasuna, herriaren ordezkaritza eta indarra galdu zituzten. XVII. mendean Ingalaterran eta XVIII. mendean Frantzian beharrak gizartea aldatu zuen eta gizarteak erakundeak.

Leku batzuetan errege-erreginei lepoa moztu zieten, beste batzuetan, aldiz, herriaren ordezkariek egindako legeak betetzera behartu zituzten.Gaur egun, Europako 11 herrialdetan monarkia dute, besteak beste, kontinenteko herri aurreratu eta aberatsenetan: Suedian, Herbeheretan, Norvegian, Danimarkan, Erresuma Batuan … eta herrialde guzti hauetan erregeak edo erreginak irudi bikaina dute eta herritarren gehiengoak ez luke, inolaz ere, erakunde hori kendu edo bota nahi.

Historia motza duten herrialdeek, berriz, miretsi egiten dituzte monarkiak edo monarkiak dituzten herriak. Estatu Batuetan, Kanadan edo Australian Europako errege-erreginei harrera bikaina egiten diete, esan liteke inbidia dutela, beraiek ere nahiko luketela iragan oparoa edo behintzat aberatsa erakusten duen horrelako instituzioa edukitzea.

Esan ohi da gizakia sortu zenetik pilatutako esperientzia, bizi izandako guztia geneetan daramagula, modu batera edo bestera. Hor kokatzen dituzte psikologoek eta psikiatrek gure beldurrak eta arrazoirik gabekoen azalpenak.  Agian, hortxe legoke monarkien onarpenaren arrazoietako bat.