Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Legeak eta epaiak

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Europar Batasuna eta Estatu Batuak Atlantikoko bi aldeak elkartu eta lotuko dituen merkataritza hitzarmena negoziatzen ari dira.

Akordioa lortuko balute, munduko merkatu handiena sortuko litzateke, alde honetako 500 miliei bestaldeko 310 milioiak gehituko genizkiokeelako. Guztion artean munduko aberastasunaren % 60 pilatzen dugu.

Esparru zabal eta aberats horretan enpresek, kapitalek eta inbertsioek ez dute apenas mugarik izango, arauak bateratuko dira eta lehia baldintzak zehaztu. Negoziazioaren muinak hiru ardatz ditu: zergak, arauak eta arbitrai auzitegia.

Zergei dagokionez, ez dirudi eragozpen handirik izango denik, gaur egun, nahiko arinak dira eta gai eta alor batzuk kenduta bi aldeek erraz lor lezakete ados jartzea. Arau eta legeetan oztopoak handiagoak dira, azken finean, enpresek lehiarako izango dituzten baldintzak eta mugak finkatu beharko dituztelako.

Langile bati kontratua egiterakoan, pertsona horren eskubideak betetzerakoan, alor publikoak eta alor pribatuak izango dituzten esku-hartze aukerak, zerbait ekoizteko gainditu litezken mugak eta urratu ezinak … Guzti hori finkatu beharko dute.

Eta guzti hori finkatu ondoren, arau bat bete ez delako edo legeren baten irakurketan adostasun eza sortu delako tribunaletara jo ezkero, epaia zeinek erabaki beharko duen ere adostu beharko dute. Estatubatuarrek nahiago dituzte epaimahai pribatuak; Europak dio epaileak eta justizia hor daudela eta beraiek direla horretarako egokienak.

Akordioaren  alde daudenek diote aberastasuna sortuko duela, ekonomia suspertu eta hazkundea handituko duela, lan aukera gehiago izango dugula eta guztiok hobeto biziko garela. Aurka direnek diote, berriz, akordio horrek, batez ere, enpresa handiei, multinazionalei eta lobbyei egingo diela mesede.

Langileok eta, oro har, herritarrok eskubideak galduko ditugula, batez ere, Europan. Osasun publikoa, hezkuntza eta estatuaren babesa, aldiz, arrisku larrian jarriko dituela diote aurka diren taldeek. Negoziazioak, orain, dela hiru urte hasi ziren eta, itxuraz, luze joko dute, akordioa ez delako batere erraza.

Seguruenera, alde daudenek arrazoi zati bat dute eta aurkakoen beldurrek badute oinarria. Aberastasuna sortuko da, baina ikuskizun da nola banatuko den. Lanpostu gehiago izango da, baina nolakoak ez dakigu. Enpresa handiek abantaila nabarmenak izango dituzte ertain eta txikiekiko lehian …

Barack Obamak dio hitzarmena ona dela guztiontzat eta ez zaiela beldurrik izan behar akordioa arautuko duten legeei, baina hortxe dago auziaren mamia. Legeak zuzenak eta egokiak balira, hemen eta beste edozein lekutan,  fiskalak, abokatuak eta epaileak alferrik leudekeelako, baina negoziazio hauetan onartuko dituzten hauek indar gabe utz lezakete orain artekoak eta batez ere oinarririk gabe orain arte sendoa uste genuena.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Munduko analista