Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Balioa eta eragina

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Behin eta berriz entzuten dugu demokrazietan pertsona guztien botoek balio bera dutela. Baina hori ez da egia. Hauteskunde sistema bakoitzak bere zergatiak ditu.

Behin eta berriz entzuten dugu demokrazietan guztiak berdinak garela legearen aurrean eta pertsona guztien botoek balio bera dutela. Baina hori ez da egia, gehienetan justu kontrakoa gertatzen da.

Hauteskunde sistema bakoitzak bere zergatiak ditu, herrialde bakoitzean era ezberdinean antolatzen dute herritarren ordezkariak aukeratzeko bidea.

Leku batzuetan helburua gehiengo sendoak lortzea da,beste batzuetan, aldiz, botoa ondo banatuta egon dadila, alderdiek elkarrizketa onartu eta hitzarmenak lor ditzaten.

Zaila da erabakitzea zein den sistema egokiena eta zein desegokiena, baina zalantzarik gabe batzuek bidegabekoagoak dirudite. Frantzian, esate baterako, hauteskunde barruti bakoitzean ordezkari bat aukeratzen dute, lehen itzulian erabateko gehiengorik ez badago bigarren botazioan boto gehien lortu duten bi hautagaiek parte hartzen dute.

Hemen gerta liteke alderdi batek boto asko lortu arren ordezkari bakarra ez izatea Asanblada Nazionalean. Hori gertatu zaio sarri Frente Nazionalari, 15 miloi boto lortu arren ordezkaritzarik gabe geratu dela.

Erresuma Batuan antzerako sistema dute eta emaitza bertsuak izaten dira hauteskundeetan. Beste leku batzuetan sistema proportzionala erabiltzen dute, Espainian, Grezian edo Italian. Espainian probintziak dira hauteskunde barrutiak, eta egia da biztanle gehien dituzten probintzietan ordezkari gehiago aukeratzen dituztela, baina hala ere Sorian parlamentari bat lortzeko 20.000 boto behar dituzte alderdiek eta Madrilen 100.000.

Euskal Autonomia Erkidegoan desoreka nabarmena da, lurralde historiko bakoitzak ordezkari kopuru bera du Gasteizko Legebiltzarrean, baina biztanle kopurua oso ezberdina da ondorioz arabar baten botoak bizkaitar batenak baino lau aldiz gehiago balio du.

Baten batek esan lezake sistema hauek desorekatuak direla, ez direla zuzenak, baina bakoitzak bere esanahia du. Espainian, esate baterako, Errepublika garaiko zatiketa gogoan zeukaten hauteskunde legea egiterakoan eta ordezkaritza indartsuen alde jo zuten. Horrez gain boto guztiek balio bera izan ezkero Soriak edo Teruelek ez lukete ordezkari bakarra izango Kongresuan.

Alemanian justu kontrakoa izan zen arrazoia. Han Bigarren Mundu Gerra aurreko egoerak eragin handia izan zuen,eta hango hauteskunde legeak erabateko gehiengoak ez zitezela lortu zuen helburu, alderdiek elkarrekin negoziatu eta akordioak lor zitzaten.

Israelen, aldiz, boto guztiek balio bera dute, botoen % 2 bakarrik behar dute parlamentuan sartzeko. Israelgo hauteskunde legea egiteko pentsatu zuten gizartea oso anitza dela, leku askotatik iritsitako jendez osatutakoa eta guztiek merezi dutela ordezkaritza izatea. Baina horrek arazo handiak sortzen dizkie, parlamentua oso zatituta dagoelako eta gobernua osatu eta akordioak lortzea benetan zaila delako.

Sistemak sistema era bakarra dago demokrazia deitzen dugun hori antolatzeko, jendeari botoa eta iritzia eskatzea, ondorengo banaketa eta emaitza horien erabilera ezberdina bada ere.