Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Gaiztoak eta zintzoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Bigarren Mundu Gerran naziek, faxistek eta inperialista japoniarrek egin zituztenak behin eta berriz entzun ditugu, baina ez dira horrenbeste aipatu irabazleek egin zituztenak.

Abuztuaren hasieran urtero-urtero Hiroshima eta Nagasiki hiri japoniarren bonbardaketak gogoan izaten ditugu. Urtero antzerako hitzak eta adierazpenak egiten dituzte agintariek, politikoek eta oraindik bizirik dauden biktimek, eta seguruenera ezinezkoa da ezer berririk adieraztea izugarrikeria hartaz.

Baina orain dela 71 urte gertatutako hark, aurretik eta ondoren behin eta berriz gertatutakoa gogorarazten digu, historia irabazleek idazten dutela eta gehienetan kontakizun horrek zuriak eta beltzak dituela, ez duela xehetasunik onartzen.

Bigarren Mundu Gerra gizateriak ezagutu duen gatazka beldurgarriena izan da zalantzarik gabe, bai izan zituen ondorioengatik, baita eragile ideologikoengatik ere. Eta ideologia horietan oinarrituta egin zirenengatik.

Gerra honetan 60 milioi pertsona hil zituzten, gizakiok pentsatu eta asmatu ditzakegun gehiegikeria guztiak gauzatu ziren eta kontinente oso bat txikituta geratu zen eta ez bakarrik suntsiketa fisikoari dagokionean.

Gerra amaitu ondoren,ezin baita bakea lortu zutela esan, galtzaileak Nurenbergen epaitu zituzten eta gizateriak beste bide bati ekin zion errauts haiek astindu nahian.

Gerra hartan naziek, faxistek eta inperialista japoniarrek egin zituztenak behin eta berriz entzun ditugu, baina ez dira horrenbeste aipatu irabazleek egin zituztenak.

Armada sobietarrak Errusiatik Berlinera egindako bidean bi milioi emakume bortxatu zituen Hungarian, Austrian eta Alemanian, horietako 250.000 hil egin ziren jasandako tratuaren ondorioz.

Soldadu estatubatuarrek 10.000 emakume bortxatu zituzten Alemanian eta soldadu frantsesek eta britainiarrek izandako jokaera ez zen harro sentitzeko modukoa izan.

Hegazkin britainiarrek eta amerikarrek Dresde eta Hanburgo hiriak bonbardatu zituzten, hiri hauek inongo garrantzi estrategikorik ez izan arren. 35.000 pertsona hil zituzten lehendabizikoan eta 40.000 bigarrenean. Alemaniako hirien aurka aliatuek egindako erasoetan 600.000 zibil hil zituzten.

Stalingrado hiriko borroketan, komisario sobietarrek 15.000 soldadu fusilatzeko agindua eman zuten, frontean atzera egin edo jarrera koldarra erakusteagatik. Alemanian milaka emakumek bere buruaz beste egin zuten soldadu sobietarren esku ez erortzeko.

Zerrenda amaigabea da, baina gehiegikeria hauengatik ez zuten apenas inor epaitu, eta beti kontatu digute irabazleek askatasuna eta demokraziaren alde borroka egin zutela, indar ilunak menderatzea izan zutela helburu eta beraiei esker azken 71 urteko bakea eta garapena izan ditugula. Ziur aski egia da.

Gaur egungo egoeratik ezin dira aztertu eta gutxiago epaitu gizakion deabru beltzenak aske ibili ziren garaikoen jokaerak. Baina orduan eta orain marrak ez dira zehatzak, zuria eta beltzaren artean ñabardura ugari dago, eta zoritxarrez doilorrak eta miresgarriak uste baino gertuago daude.