Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Informazioa eta mugak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gatazka garaietan ezjakintasuna bide egokiena da errugabeak babesteko; sasoi ilun hauetan informazioak errudun bihurtzen gaitu.

Egun hauetan 10 urte beteko dira Julian Assangek eta bere kideek Wikileaks sortu zutela. Azken urteetan webgune horretan, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak eta Zerbitzu Sekretuek ezkutuan izan ohi duten informazio asko zabaldu dute. Orain dela 3 urte, berriz, Edward Snowden CIA erakundeko kide ohia Zerbitzu Sekretu horien lanari buruzko xehetasunaz argitaratzen hasi zen. Gure ordenagailuan bilatuz gero aukera dugu, orain dela gutxi arte pentsaezinak ziren informazioa jasotzeko.

 

Wikileaksek kanpora begira egindakoak erakutsi dizkigu: soldaduek atzerrian izandako jokaera, diplomatikoek bildutako informazioa, mundu guztiko politikari eta arduradunek egin dituztenak; gaizki egindakoak batez ere. Snowdenen bidez ezagutu dugunak, ostera, estatuak berak herritarrak kontrolatzeko sortutako sarea agerian utzi du. Jendea, pertsona arruntak biluzteko duen ahalmena eta ia mugagabekoa den botere horren erabilera.

 

Argitaratutako gehiena ezaguna zen: bagenekien soldadu estatubatuarrek torturak eta gehiegikeriak egin dituztela Iraken eta Afganistanen, bagenekien politiko eta diplomatiko askoren jokaera lotsagarria izan dela, badakigu gure bizitza, gure harremanak, gure komunikazioak kontrolpean daudela. Hala ere, hori guztia hain nabarmen azaltzen zaigunean -zuzenean adierazten bazaigu gure telefonoaren bidez edo ordenagailuaren bitartez pentsamendu ezkutuena, sekula adieraziko ez genukeena nonbaiten idatzita dagoela eta bateren batek horren berri baduela- zerbait astintzen zaigu eta hor sortzen zaizkigu galderak. Dena jakin behar al dugu? Non dago muga? Intimitaterik gabe bizi al gaitezke? Pertsonok ditugun muga urratu ezinek balio al dute estatuari buruz ari garenean? Estatuak berak gainditu al ditzake muga batzuk gehiengoaren eskubideak eta segurtasuna babesteko bada? Egiten duen guztia jakina balitz, estatuak, edozein erakundek bere eginkizunak bete ahal izango lituzke?

 

Wikileaksek eta Snowdenek argitara eman duten guztia ez da ilegala edo giza eskubideen aurkako erasoa, baina munduko herrialde boteretsuenaren ezkutuko jarduera oro agerian geratu da. Batzuetan legea bete dute, lege horrek diona askorentzat erabat onartezina izan arren. Beste batzuetan mugak, arauak eta hesiak gainditu dituzte epai eta zigorren gainetik daudelako. Gatazka garaietan ezjakintasuna bide egokiena da errugabeak babesteko; sasoi ilun hauetan informazioak errudun bihurtzen gaitu.