Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Aurrerapenak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Esan ohi da aurrerapenak, garapen bidean emandako pausoak hoberako direla beti, baina azkenaldian gurpil eroen zurrunbiloetan murgilduta gaudela dirudi.

Esan ohi da aurrerapenak, garapen bidean emandako pausoak hoberako direla beti. Gizakiok, gure bizitza eta ingurukoena erosoago, errazago edo atseginago egiteko ahalegin handia egin dugu kobazuloetatik atera ginenetik, baina azken urtetan bilakaera azkartu egin da, sarri gurpil eroen zurrunbiloetan murgilduta gaudela dirudi, eta sortzen dugun hori menperatzeko benetako arazoak ditugula. Teknologia da zalantzarik gabe horren adierazle eta horren lekuko.

Gaur egun haurren eskuetan uzten dugun sakelako telefonoak, orain dela 50 urte munduko gizon-emakume jakintsuenen ordenagailu eta laborategietan zituzten erabilera eta informazio gehiago ditu. Ustez helduak, ikasiak eta zentzudunak diren pertsonek ezin badute tresna horrek eskaintzen duen guztia bereganatu eta zuzen erabili, pentsa liteke haurrak zailtasun handiak izango dituela eskuartean duen tresnak zer eskaini lezakeen atzemateko.

Teknologiak ematen dizkigun aukeren artean nagusietakoa da, gure etxeko gelatik munduko edozein lekutan esan, idatzi edo filmatutakora iritsi gaitezkeela. Edozein komunikabide, elkarrizketa talde edo eztabaida-lekutan sar gaitezkeela eta pentsatzen duguna adierazi edo zuzenean zerbait bota. "Sarea" edo "foro soziala" deitzen dugun hori, pertsona edo talde zenbaitek duen iritzia ezagutzeko bidea da zalantzarik gabe, baina batez ere ezkutuan izanik, gure nortasuna azaldu gabe nahi duguna adierazteko bidea da. "Sareak dio", "sareak sutan daude" eta antzeko esamoldeak ohikoak bihurtu ditugu, baina gehienetan inork ez daki zeinek adierazi duen zer, ez dakigulako zeinek eta zergatik idatzi duen han jarritakoa.

Eta egunetik egunera koldarren zuloa bihurtu den horrek garrantzi eta oihartzun haundiagoa du.Ez du ajola han idatzi eta adierazitakoa egia ala gezurra den.Ez du ajola zergatik eta norentzat idatzita dagoen.Azaltzen den hura gainera mugarik gabe zabaldu daiteke,eta seguruenera ezingo dugu sekula ezabatu,betirako,edo gutxienez gaur egungo komunikazio sistema hau agortu arte aurrera eta atzera ibiliko da.Esan ohi da garapenaren oinarri diren tresnak eta lanabesak gizakion lorpenak direla,Mundu hobea egiteko oinarriak.Agian hemen ere kontua ez da tresna,gizakiak piztu eta itzali dezakeen orok ez baitu erabakitzeko edo joerak finkatzeko ahalmenik.Hemen ere kontua erabilera da.