Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Aro berria

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Azken egun hauetan Estatu Batuetan gertatutakoaz idatzi eta aztertu den guztiaren ondoren, benetan ezinezkoa dirudi zalaparta horren gainetik merezi duen zer edo zer adieraztea.

Esan ohi da isiltasuna hobetzeko gai ez bagara ez genukeela hitz egin behar. Azken egun hauetan Estatu Batuetan gertatutakoaz idatzi eta aztertu den guztiaren ondoren, benetan ezinezkoa dirudi zalaparta horren gainetik merezi duen zer edo zer adieraztea. Dakienak eta ez dakienak, adituak eta ezjakinak, aldekoak eta kontrakoak, gertukoak eta urrutikoak…Guztiek hitz egin eta idatzi dute estatubatuarrek erabakitakoaz, eta itsasoaren alde honetan behintzat ia inork ez du aldeko zerbait esan. Horrenbeste jendek erabaki bat hartzen duenean, 59 miloi pertsonak guretzat harrigarria, beldurgarria eta erabat onartezina den pertsonaren aldeko botoa ematen duenean, ezin dugu pentsatu guztiak zoratu egin direla, arduragabeak direla edo bere buruari harrika eman diotenik.

Donald Trumpen garaipenaren zergatien bila, adituek oso eragile ezberdinak aipatu dituzte,kontrajarriak sarri, eta seguruenera guztiek dute arrazoi zati bat. Trump azaldu zenean eta presidente izan nahi zuela adierazi, guztiok barre egin genion eta inork, seguruenera ezta berak ere, ez zuen sinistu iritsi den lekuraino heldu zitekeenik. Aurrerapauso bakoitzaren ondoren, komunikabideek eta itxuraz zerbait zekitenek zioten hurrengoan eroriko zela, ez zela oso urruti ailegatuko. Azkenean, 15 hautagai errepublikano, aurka zeuzkan komunikabide ia guztiak, bere alderdia, eta ziur aski, Estatu Batuetako historian ondoen prestatuta zegoen hautagaia atzean utzi ditu, guztiei irabazi die, eta bera izango da munduko herrialde boteretsueneko presidentea.

Pobretutako gizon zuriek eman omen diote botoa, krisiak astindutako erdi mailako klasekoek, sistemaz eta beti agindu dutenekin haserre daudenek, azken finean, sakoneko aldaketa nahi zutenek. Estatu Batuek 325 miloi biztanle dituzte, botoa eman dutenak 120 miloi inguru dira, eta Hillary Clintonen aldekoak Trumpen aldekoak baino 211.000 gehiago dira, datuen arabera, gehiago dira jarraipena nahiko luketenak aldaketa aldarrikatu dutenak baino. Baina Trumpi botoa eman diotenek zer aldatu nahi dute? Hauteskunde kanpainan zehar hautagai errepublikanoak eta bere aholkulariek eta laguntzaileek esan duten gehiena ez da egia, baina itxuraz horrek ez du axola, gaur egun sinistu nahi dugun hori egi bihurtzen dugu eta oinarri horretatik egiten ditugu aldarrikapenak.

Seguruenera bizi izan dugun eta oraindik pairatzen ari garen krisia uste baino gogorragoa da. Seguruenera krisi horrek min handia egin die erdi mailan, baina egoera ahulean zeuden taldeei. Seguruenera jende asko dago Estatu Batuetan duela 8 urte baino okerrago bizi dena eta etorkizun hobea izateko itxaropena galdu duena. Seguruenera asko dira haserre daudenak, mundua gorrotatzen dutenak eta bizi dutena ez den beste edozer gauza nahiago dutenak. Baina aldaketak, eta batez ere sakonak izan direnean galtzeko gutxi zeukatenek egin dituzte, gutxi hori eta bizitza besterik ez zutenek. Baina ez dirudi Estatu Batuetan garailea sistemak zigortutako pertsona dela, eta ez dirudi botoa eman dioten asko eta asko hobeto biziko direnik irabazle horrek agindutakoak betetzen baditu.