Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Gure usteak

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

Nahiz eta gizarte ikerketen arabera, jendarteak munduaren egoeraz duen ikuspegia txarra den, alor bakoitza aztertuz gero, inoiz baino hobeto gaude.

Pertsona zergatik dagoen pozik, zerk asebetetzen duen edo zoriona non bilatzen duen asmatzea ez da lan erraza, gehienetan ezinezkoa baita. Gizaki adina xede, pertsona beste helburu dago; beraz, jendeak egiten duena, baina batez ere nahi duena, zehaztu eta zergatiak aurkitzea orain arte ez psikologoek, ezta soziologoek ere ez dute lortu.

Azken hilabeteetan egin diren inkesta guztiek eta gizarte ikerketek diote, gehiengoak uste duela inoiz baino okerrago gaudela, oraina beltza dela eta datorkiguna txarragoa izango dela. Iritzi horiek azaltzen dituzten gehienek ez dute daturik ematen, ez dute adierazten non oinarritzen duten euren jarrera ezkor hori. Krisia, gerra, pobrezia, indarkeria, migrazioak, gosea, berdintasun eza eta aukera faltak aipatzen dira behin eta berriz, baina alor bakoitza aztertu ezkero, inongo zalantzarik gabe esan genezake inoiz baino hobeto gaudela.

Azken 60 urteetan munduan sortutako aberastasuna hirukoiztu egin da, eta, kontrakoa iruditu arren, inoiz baino jende gehiagok eskuratu ditu hazkunde horren onurak. Azken 25 urteetan edateko ura duten pertsonen kopurua % 76tik % 92ra pasa da. Muturreko pobrezian zeuden pertsonak orain dela 55 urte gizateriaren % 64 ziren, gaur egun ez dira % 10era iristen. Alfabetatuen kopurua orain dela ehun urte ez zen % 15era iristen, gaur egun % 80 gainditu du. Gerrek eta indarkeriak eragindako hildakoen kopurua inoiz baino txikiagoa da. Parlamentuetan eta politikan oro har parte hartzen duten emakumeen kopurua bikoiztu egin da azken 20 urteetan... Datuak ugari dira eta sarri nahasteko besterik ez dute balio, baina inongo zalantzarik gabe esan genezake mundua inoiz baino hobeto dagoela.

Baina uste duguna, sentitzen duguna edo sortzen dugun iritzia, eta errealitatea askotan ez datoz bat. Europan krisi larria jasan dugun urtetan, Asian eta Amerikan 200 milioi pertsona, pobre izatetik erdi mailako klaseko kide izatera iritsi dira. Osasun zerbitzuak eskuratu eta eskolara joateko aukera duten pertsonen kopurua inoiz baino handiagoa da, egungo biztanle kopuruaren batez bestekoa kontuan hartuta.

Mundua ez da paradisua, zerua ez dugu oraindik konkistatu, eta jende askok, hemen idatzitakoa irakurriko balu, madarikazioz josiko luke egilea. Gizakiok iritziak eraikitzeko erabiltzen ditugun baliabideak batez ere uste eta inpresioetan oinarrituta daude, horregatik gehienetan ustelak izaten dira, baina dirudienez gaur egun hori ez zaio inori axola, agian mundua gure bekokian hasi eta amaitzen delako.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Munduko analista